Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Sexu-erasoa egin diote emakume bati Basaurin
Ustezko erasotzailea, 35 urtekoa, atxilotu eta epailearen esku utzi dute. Biktima ospitalean artatu behar izan zuten, ustezko erasotzaileak eragindako lesioengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
35 urteko gizonezko bat atxilotu dute Basaurin, sexu-erasoa egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Erasoaren ondorioz, biktima Galdakaoko Ospitalean artatu zuten, ustezko erasotzaileak eragindako lesioengatik. Biktimak Ertzaintzari azaldutakoaren arabera, astelehen gauean izan zen erasoa, Basauriko etxebizitza batean.
Atxilotutako gizonezkoa biktimaren ezaguna zen eta haren etxebizitzara joan zen; sexu-harremanak izatea proposatu zion, eta emakumearen ezetzaren aurrean, gizonezkoak eraso egin zion. Indarkeria erabilita, emakumea lurrera bota eta ukituak egin zizkion. Gainera, ahoa estali zion eta arnasteko arazoak izan zituen biktimak. Azkenean, emakumeak gizona gainetik kentzea lortu zuen, eta ustezko erasotzaileak ihes egin zuen.
Hurrengo egunean, astearte goizean, atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezkoa. Bilboko Epaitegira eraman zuten eta urruntze agindua ezarri zion epaileak.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.