Gizartea -
Basauriko jaiak
Georgie Dann, Esne Beltza eta Txapelpunk Sanfaustoetan izango dira
Basauritarrek urriaren 8tik 16ra bitartean ospatuko dituzte sanfaustoak. Halaber, kontzertu guztiak Arizgoitiko enparantzan izango dira.
EITB.EUS
Basauritarrek (Bizkaia) urriaren 8tik 16ra bitartean ospatuko dituzte sanfaustoak, eta jaiei hasiera emateko gero eta gutxiago falta denez, aurtengo kontzertuen berri eman dute Herriko Taldeak eta Basauriko Udalak. Besteak beste, Georgie Dann, Esne Beltza eta Txapelpunk igoko dira Arizgoiti plazako oholtzara. Halaber, kontzertu guztiak doakoak izango dira.
Txapelpunk talde bizkaitarraren emanaldia urriaren 8an izango da, larunbata. Punk eta rock estiloak lantzen dituen hirukoteak zazpigarren diskoaren abestiak aurkeztuko ditu Basaurin, “Punkaren Semeak” izeneko biraren baitan. Jarraian, euskal abesti ezagunenak errepasatuko ditu Batek Daki erromeria taldeak.
Urriaren 11n, asteartea, Georgie Dann igoko da oholtzara. Frantziar abeslariak La Barbacoa, El Bimbó edota El Chiringuito bezalako abesti ospetsuak ekarriko ditu gogora jubilatuen egunean. Aurtengo jaietako kontzerturik deigarriena izango da, eta, seguruenik, bertaratzen diren basauritar guztiak dantzan jarriko ditu.
Urriaren 14an, Ska-P talde madrildarrari tributua egingo dio Gato Lopez musika taldeak. Horrenbestez, Ska-P taldearen El vals del obrero, Niño soldado edota El gato Lopez abesti ezagunenak entzuteko aukera egongo da egun horretan.
Azkenik, Esne Beltza euskal taldeak, bigarren larunbatean (urriaren 15ean) eskainiko du bere emanaldia. “Esna” lanaren bigarren zatia aurkeztuko du Basaurin.