Gizartea -
Transexualitatea
Jaurlaritzak transexualen arreta integralerako gida argitaratu du
Hezkuntza, gizarte eta osasunaren esparruetan jarraibideak gomendatzen ditu gidak, transexualitatea eta egoera horretan dauden pertsonen kolektiboa ez estigmatizatzeko asmoz.
Agentziak | EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak "Transexualitate egoeran daudenei arreta integrala emateko gida. Hezkuntza, gizarte eta osasun esparruetatik gomendatutako jokabideak" izenburuko gida argitaratu du, pertsona transexualen eskubideen aitorpenean eta genero identitatearen ondoriozko diskriminazio ezan aurrerapausoak emateko.
Hezkuntza, gizarte eta osasunaren esparruetan hainbat jarraibide gomendatzen du gidak, transexualitatea eta egoera horretan dauden pertsonen kolektiboa ez estigmatizatzeko asmoz.
Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Guillermo Viñegra Osasun sailburuordeak aurkeztu dute gida ostiral honetan Gasteizen.
Ekainaren 12ko 14/2012 Legea -transexualak genero identitateagatik ez baztertzea eta haien eskubideak aitortzea jasotzen du lege horrek- betetzen du gidak, baina haratago doa. "Gure ustez pertsonen duintasunaren errespetua funtsezko giza eskubide bat da. Eskubide horrek norberak askatasunez erabakitzeko aukera ematen du eta, era berean, pertsona bakoitzaren sexu identitatea barne hartzen du, sexu hori jaiotzean emandako sexuarekin bat ez etorri arren", gaineratu du.
Amilibia, Aurrekoetxea eta Viñegra bat etorri dira, "zoritxarrez", gaur egun, transexualitate egoeran dauden pertsonek "kolektibo zaurgarria" osatzen dutela adieraztean, eta hala jasota dago Euskadiko osasun sisteman pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpenean. Hain zuzen ere, azpimarratu dutenez, zaurgarritasun horrek politika publiko espezifikoak eskatzen ditu, pertsona horiek euren gizabidezko eskubideak eta betebeharrak gauzatzean jasa dezaketen edozein diskriminazio ezabatzeko.
"Argi eta garbi esan behar da: transexualitatea ez da desoreka bat, ez buruko gaixotasun bat; giza dibertsitatearen beste aldagai bat. Txikitatik azal daiteke eta, askotan, hezkuntza, gizarte eta osasun esparruen arreta koordinatua eskatzen du", adierazi dute.
14/2012 Legeak pertsona transexualen osasun arretarako gida kliniko bat argitaratzeko eskatzen badu ere, Eusko Jaurlaritzak erabaki du, atal horretaz gain, hiru esparruak barne hartzea: osasunekoa, soziala eta hezkuntzakoa
Gida lantalde batek idatzi du. Lan horretan, gainera, gaiarekin zerikusia duten pertsonek (euren elkarteen bitartez), Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak hartu dute parte.
Osasunaren esparruari lotuta gidan bildu diren gomendioei -50 inguru- dagokienean, Guillermo Viñegra sailburuordeak transexualitatea despatologizatzeko egin den ahalegina azpimarratu du.
Hezkuntzari dagokionez, Arantza Aurrekoetxea sailburuordeak aipatu du garrantzitsua dela ikasgeletan ematen den edozein dibertsitate motari eskola inklusiboaren ikuspegitik erantzutea.
Hezkuntza ekintzaren barruan kokatuta dagoen laguntza hori gauzatzeko, kasu guztietan eta trans ikasleen kasuan bereziki, ikastetxearen eta familien, eta komunitateko gainerako arloen arteko koordinazioa eta elkarlana behar da.
Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak Berdindu! zerbitzu publikoaren balioa azpimarratu du. Zerbitzu hori "LGTBI esparruko elkarteek kudeatzen dute, eta pertsonei babes emozionala eta soziala ematen die, gainerako pertsonen eskubide berberekin, pertsona horiek gizarteratzeko behar duten adore emozionala eskura dezaten lagunduz."