Gizartea -
EAE-ko Auzitegi Nagusia
Ertzaintzaren lan eskaintza publikoa baliogabetu dute
250 lanposturen eskaintzaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Madrilek, eta EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du orain.
Agentziak | Erredakzioa
250 lanposturen eskaintzaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Estatuko Administrazioak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du orain. Hala, Ertzaintzako lan eskaintza publikoa baliogabe utzi du.
Ertzaintzaren XXVI. Promozioa osatuko duten 250 pertsonak aukeratzeko lan eskaintza publikoa une honetan egiten ari dira, martxan dago, alegia.
Bi administrazioen arteko gatazka lanpostuen kopuruan oinarritzen dela gogorarazi du Administrazio-auzietarako gelak sententzian. Guztira, 250 lanpostu dira, edozein arrazoirengatik bete gabe dauden postuentzako.
Auzitegiak “frogatutzat” jo du Lan Eskaintza Publikoa ez zutela onartu Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak aurreikusi bezala, eta berritze-tasa ere ez zutela errespetatu. Horrela, langile berriak kontratatzeko mugak aplikatzen ditu epaiak, deialdiak mugak gainditu dituelako.
Euskadin segurtasun baldintzak hobeak direla argudiatuta, helegitea aurkeztu zuen Gobernu zentralak, ETAk indarkeria utzi duelako eta bizkartzain eta babes zerbitzuak murriztu direlako.
Aldeek 10 eguneko epea dute orain Auzitegi Goreneko Administrazio-auzietarako gelaren aurrean kasazio helegitea aurkezteko.