Gizartea -
Euskadiko Eskola Kontseilua
Bost urteko epean 3.800 irakaslek hartuko dute erretiroa
Euskadiko Eskola Kontseiluak euskal hezkuntzari buruzko txosten bat aurkeztu du. Bertan, sistemaren finantzazioarekin eta planifikazioarekin zerikusia duten azalpenak ematen dira.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko Eskola Kontseiluak ostiral honetan argitaratu duen txosten baten arabera, bost urteko epean 3.800 irakaslek hartuko lukete erretiroa. Horien artetik, 1839 Lehen Hezkuntzako langileak izango lirateke eta 1.542 Bigarren Hezkuntzakoak. Horregatik, hutsik geratuko liratekeen lanpostu horiek betetzeko profila lehenbailehen zehazteko eskaera egin dio Eskola Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
Maite Alonso Arana erakunde horren presidenteak “Hezkuntza Euskadin 2013-2015” izeneko azterlanaren aurkezpena egin du ostiral honetan, uztailaren 8an. Bertan, Euskal Herriko hezkuntzari buruzko xehetasun ugari biltzen dira, hala nola, sistemaren finantzazioarekin eta planifikazioarekin zerikusia dutenak.
Aurkezpenean zehar, Alonsok Euskal hezkuntza sistemaren “konplexutasuna” azpimarratu du; izan ere, biztanleriaren % 75 gazteleraz hitz egiten duen lurralde batean euskaraz irakasteko konpromisoa dute bertako irakasleek.
Alde horretatik, etxekoekin euskaraz hitz egiten duten ikasleen artean gehiago dira Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak DBHko bigarren mailakoekin alderatuta. Datu horrek adierazten duenez, urteak pasa ahala euskararen erabilera murriztu egiten da gazteen artean.
Beste alde batetik, azterlanak Lehen Hezkuntzako laugarren mailako eta DBHko bigarren mailako ikasleek lortu dituzten emaitzak aztertzen ditu. Alde horretatik, Lehen Hezkuntzan gaindituen ehunekorik txikiena euskara arloan da, eta DBHn, matematika arloan. Horregatik, irakasgai horietan jarraipen zehatzagoa egin beharko litzatekeela dio txostenak.
Halaber, baliabide gutxi dituzten ikastetxe publikoetan eta itunpeko zentroetan arreta gehiago jarri beharko litzatekeela dio azterlanak. Gainera, gizarte-bazterketa arriskuan bizi diren ikasleei laguntza gehiago eman beharko litzaiekeela zehazten du.
Era berean, hezkuntza eta prestakuntza duina jasotzeko eskubidea gailendu beharko litzatekeela dio. Helburu horrekin, eztabaida lasaia egitea gomendatzen du azterlanak.
Azkenik, ikasle etorkinen eskolatze-prozesuari egiten zaie aipamena. Kontseilua bat dator gogoeta sakon bat egin behar dela ikasle etorkinak hartzeko modurik onenari buruz, hizkuntza ez ezagutzeak dakartzan oztopo bereziak kontuan izanik. Horregatik, aldaketak arinago eta argiago ikusten hasteko irakasleen inplikazioa ere oso garrantzitsua dela dio txostenak.