Gizartea -
Irun
Irungo Alardeko emakumeei babesa eman diete Arartekoak eta Emakundek
Bihar, ekainak 30, Irungo San Martzial Alardean parte hartuko duten emakumeei babesa eman nahi izan diete bi erakundeek, eta berdintasuna lortzeko botere publikoen betebeharrak gogorarazi dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Arartekoak eta Emakundek bihar, ekainak 30, Irungo San Martzial Alardean parte hartuko duten emakumeei babesa eman diete.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, “gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko betebeharra dute” botere publiko guztiek, eta, horretarako oztopoak kendu behar dituztela gaineratu du.
Alde horretatik, jaietan normaltzat hartzen den genero ezberdintasunari aurre egiteko “dialogoa, akordioa eta taldeko lana funtsezko bitartekariak” direla azaldu du Emakundeko zuzendariak.
Halaber, San Martzialeko Alardean parte hartzeko aldarrikapena egin zuten emakumeen balioa goraipatu du, eta, era berean, eskerrak eman dizkie urte hauetan zehar ideia hori defendatu duten pertsona guztiei.
Beste alde batetik, Manuel Lezertua Arartekoak esan duenez, “prest” dago herriko agintarien elkarlana “eraginkorki sustatzeko eta pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituen bereizkeriarik gabeko bideari ekiteko”.
Hori dela eta, berdintasuna defendatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu behar direla gaineratu du Manuel Lezertuak. Izan ere, mugikortasunik eza gainditzeko eta eskubideei oztopoak erabat kentzen aurrera egiteko zenbait urrats eman behar direla ziurtatu du: “modu horretan lortuko litzateke erabateko berdintasuna”.