Gizartea -

AUZITEGIAK

Ustezko iruzurragatik EAEko jangelen kontrako ikerketa, artxibatuta

Fiskaltzaren arabera, prezioak adosteko jangelek datu okerrak erabili zituztela frogatzen duen zantzurik ez dago.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetako jantokien kudeaketaren kontratazioetan ustez iruzurra egon zela-eta zabaldutako ikerketa artxibatzea agindu du Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak.

Lehiaren Euskal Agentziak, otsailean, 18 milioi euroko isuna ezarri zien joan zen hilean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan jantoki-zerbitzua emateko kontratua izan zuten zortzi enpresari. Erakunde horrek frogatutzat jo zuen enpresa horiek zerbitzuaren prezioa adostea erabaki zutela merkatua euren artean banatzeko, lehiaren arauak urratuz.

Horren aurrean, Lehiaren Euskal Agentziaren txostena Fiskaltzaren aurrera eramateko eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Administrazio publikoan ondare-kalterik gertatu ote den argitzeko zabaldu zuen ikerketa Calparsorok.

Fiskaltzaren arabera, prezioak adosteko jangelek datu okerrak erabili zituztela frogatzen duen zantzurik ez dago, eta horregatik erabaki du ikerketa artxibatzea. Gogora ekarri duenez, Lehiaren Euskal Agentziak jantokietako enpresa kudeatzaileei ezarritako isuna errekurrituta dago, epaiaren zain.

Halaber, fiskalak nabarmendu du administrazio publikoak ustezko iruzurrean parte hartu zuela frogatzen duen daturik ere ez dagoela. "Susmoak bakarrik zabaldu dira, eta horiek zilegi dira politika publikoen eztabaidan, baina ez dira nahikoak ardura penalak egozteko", esan du. Horregatik guztiagatik erabaki du Calparsorok ikerketa artxibatzea, ardura penalik ez dagoela argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa