Gizartea -
Lan gatazka
Euskal irakasleek protestei ekin diete, irailean areagotzeko asmoz
Hezkuntzako sindikatuek kritikatu egin dute Eusko Jaurlaritzak ez duela murrizketarik egongo ez den 'inongo bermerik' eman.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza arloko euskal sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) protestei ekin diete gaur orain dela gutxi Auzitegi Konstituzionalak emandako epai batean jasotzen diren murrizketen aurka. Ildo horretatik jarraituta, jakitera eman dutenez, irailetik aurrera protestak areagotuko dituzte, baldin eta Eusko Jaurlaritzak aipatu epaian jasotzen direnak aplikatzeari uko egiten ez badio.
Ehun bat irakaslek elkarretaratzea egin dute gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizeko Hezkuntza ordezkaritzen aurrean "Hezkuntza kalitatea eta lanpostuen defentsan" leloa zuten kartelak eskuan hartuta.
Protestaren arrazoia Auzitegi Konstituzionalaren epai bat da; izan ere, epai horren arabera, Eusko Jaurlaritza behartuta dago irakasleen eskola-orduak 2 eta 3 ordutan areagotzen dituen Errege Dekretua aplikatzera. Gainera, dekretu horrek dio langileen bajak ez direla ordeztu behar bajaren hamargarren egunera arte.
Bilbon egin den elkarretaratzean, protesta deitu duten bozeramaileetako batek (CCOO sindikatuko Pablo García de Vicuñak) hedabideei baieztatu die neurri horiek aplikatzekotan "3.000 lanpostu zuzen jokoan" daudela, eta Eusko Jaurlaritzak egoera zuzentzen ez badu, "irailean gogortasun gehiagoz" jardungo dutela.
"Ez da bakarrik irakasleen arazo bat, baizik eta hezkuntza-sistemarena eta gizartearena berarena. Dagoeneko murrizketak eta kalitatearen galera etengabea jasan ditugu; ez dugu ezertxo ere atzera egingo hezkuntza-sistemaren alderdirik behinenari egingo zaion atentatu sendoa izango denaren aurrean", gaineratu du.
Bere aburuz, Eusko Jaurlaritzari dagokio "zintzotasunez erakustea "a hezkuntza-sistema honetan eta bertako langileengan sinisten duen".
Bere aldetik, ELAko Xabier Irastorzak gogoratu du atzo Eusko Jaurlaritzaren bildu zirela eta euren aldarrikapenak azalarazi zizkiotela, baina "hitz onak besterik ez" zituztela jaso, Errege Dekretuan jasotzen diren neurriak ezarriko ez diren inongo konpromiso edo bermerik gabe.
Aldarrikapen horiek bermatzen ez diren bitartean (eta hori ez da jakingo irailera arte, ikasturtea hasten denera arte), "ez dugu zalantzarik greba eta mobilizazio handiak deituko ditugula", gaineratu du.