Gizartea -
Ospakizuna
Lau egunez ospatuko dute ezkontza hindu bat Bilbon, 400 gonbidaturekin
Ospakizuna gaur hasi eta asteburura arte luzatuko da. Familiek ez diote ezeri uko egin nahi izan eta 700.000 euro baino gehiago baliatuko dituzte ospakizunak prestatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbon izango den ezkontza hindu batean mundu osoko 400 lagun bilduko dira. Ospakizuna gaur hasi eta asteburura arte luzatuko da.
Protagonistak Shamik eta Toral dira, eta Everesteko kanpo basean ezagutu ziren, biak oso abenturazaleak baitira. Shamik-en aita ostalaritzarekin lotutako gizona da, eta, Toral-en gurasoak, berriz, ospe handiko medikuak dira.
Ekitaldiak gaur gauean hasiko dira, Bilboko Guggenheim Museoan. Bertan, Nerua jatetxeko kideek ongietorria emango diete gonbidatuei, eta euskal gastronomiako platerik bereizgarrienak dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Halaber, Londresetik etorri diren sukaldari batzuk indiar janaririk ospetsuena prestatuko dute.
Bihar, ospakizuna Galdames udalerrian dagoen Loizaga dorrean izango da. Bizkaiko dorretxe horretan bi familien arteko erritualak egingo dituzte, beraien tradizioari jarraiki, eta, ostiralean, ezkontza hindua prestatu dute leku berean.
Larunbatean, berriz, 1920ko hamarkadan girotutako jai erraldoi bat eta ezkontza zibila antolatu dituzte.
Ospakizunak prestatzeko, familiek ez diote ezeri uko egin nahi izan eta 700.000 euro baino gehiago baliatuko dituzte.