Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Espetxeratu egin dute Gasteizko ustezko hiltzailea
Emakume bat hiltzea eta haren gorpua, zatituta, Zadorra ibaira botatzea leporatzen diote. Arratsaldeko lehen orduan igaro da epailearen aurretik, eta horrek espetxeratzeko agindua eman du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakume bat hiltzea egotzita atzo Gasteizen atxilotutako 43 urteko gizonezkoak Ertzaintzaren polizia-etxean jarraitzen du, epailearen aurrera deklaratzera noiz eramango duten zain. 60 urteko emakumea asteazkenean hil zuela aitortu zuen ustezko hiltzaileak, eta, ondoren, gorpua, zatituta, Zadorra ibaira bota zuen.
Ertzaintzak dei bat jaso zuen atzo, Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean hilketa bat izan zela ohartarazteko. Hiltzailearekin lotura duen pertsona batek egin omen zuen deia.
Patruila bat etxebizitzara bertaratu zen, eta bertako bizilagunarekin harremanetan jarri eta gero, gizon horrek aitortu zien agenteei ekainaren 15ean hil zuela emakumea, eta, ondoren, gorpua zatitu eta gorpuzkiak Zadorrara jaurti zituela. Biktimaren agiriak estolda batera bota zituela ere jakinarazi zien.
Ertzaintzak egun osoan miatu zuen Zadorra ibaia atzo, eta hainbat gorpuzki atzeman zituen. 20:00etan eman zuten bukatutzat bilaketa, eta gorpua bertatik eramateko agindua eman zuen kasuaren ardura bere gain hartu duen epaileak.
Hiltzailearen etxebizitza ere miatu zuen Poliziak, eta gorpu arrastoak aurkitu zituen bertan. Epaitegiak sekretupean jarri du auzia.
Bilkura
Ehunka lagun batu dira asteazken honetan Gasteizen, 60 urteko emakumearen erailketa matxista gaitzesteko.
Gasteizko Udalak deitutako kontzentrazioan 5 minutuko isilunea gorde dute emakumearen omenez. Ekitaldian hainbat erakundeetako ordezkariak eta alderdi politikoak izan dira.
Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak erailketa gaitzetsi du eta, familiarenganako elkartasuna agertu nahi izan du. “Familiak inoiz baino gertuago sentitu behar gaituzte”, gaineratu du.
Gasteiz, gaur.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.