Gizartea -
LOMCE
'Lapurtutako' eskola orduak itzultzea eskatu dute Filosofia irakasleek
Eusko Jaurlaritza LOMCE 'are zorrotzago' ezartzen ari dela salatu du irakasle taldeak, Erlijio irakasgaia 'ordu gehiagoz inposatzen' ari direlako EAEko eskoletan.
AGENCIAS | ERREDAKZIOA
Filosofia irakasleek osatzen duten Agora Filosofia elkarteak LOMCE legea bertan behera uztea eta eurei "lapurtutako" eskola orduak itzultzea eskatu dute. Irakasleek salatu dutenez, Filosofia orduak kendu eta Erlijio orduak gehitu dituzte erreformarekin.
EHUren Gasteizko campusean agerraldia egin dute goizean, euren egoera salatzeko. Hain zuzen, selektibitatea egiten ari dira gaur campus horretan; besteak beste, Filosofia ezagutza neurtzeko proba.
Oihana Ameskua eta Roberto Hernaez irakasleek hitz egin dute hedabideen aurrean. Horien hitzetan, LOMCE legearekin, Filosofia derrigorra izatetik hautazkoa izatera pasatuko da Batxilergoko bigarren mailan, eta Erlijioa ere hautazkoa izango da. Dena dela, Erlijioa ikasgaiko nota kontuan hartuko da Batxilergoko batez bestekoa egiteko, baina "ez da sartuko errebalidan". Hori "iruzurra" da, irakasleen ustez, bi ikasgaien artean lehia "desleiala" sortzen duelako.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren jarrera gogor kritikatu dute, LOMCEren neurriak "hobetzeko" aukera izan arren, bide horretan urratsik eman ez duela iritzita. Gainera, Eusko Jaurlaritza LOMCE "are zorrotzago" ezartzen ari dela salatu du irakasle taldeak, Erlijio irakasgaia "ordu gehiagoz inposatzen" ari delako EAEko eskoletan.
Beste erkidego batzuek egiten ari direna eredutzat hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, hainbat erkidegotan Filosofia derrigorrezko ikasgaitzat jo baitute Batxilergoko bigarren mailan.
Filosofiako hainbat irakaslek selektibitateko proba ez zuzentzeko hartutako erabakiaz galdetuta, Agora Filosofia taldeak esan du errespetagarria dela erabakia, eta irakasleek askatasun osoa dutela protesta egiteko modua erabakitzeko, eurek boikot egiteko modu horrekin bat egiten ez badute ere.