Gizartea -
2016-2017 ikasturtea
Astebeteko oporraldia, bi hilabeterik behin
Neurriarekin ikastegunak murriztuko ez dituztela ziurtatu du Kantabriako Gobernuak; izan ere, 175 eskola egun izaten jarraituko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kantabriako eskola egutegiak bi hilabeterik behin astebeteko oporraldia finkatu du datorren ikasturterako, erkidegoko Hezkuntza Mahaiak (Kontseilaritza eta sindikatuak) adostu duenez. Neurriarekin ikastegunak murriztuko ez dituztela ziurtatu du Kantabriako Gobernuak; izan ere, 175 eskola egun izaten jarraituko dute.
Ikasturteak bost epe izango dituela zehaztu du Ramon Ruiz Kantabriako Hezkuntza kontseilariak. Laburrenak 31 egun izango ditu eta luzeenak 44. ‘Hiruhilekoak’ “hain luzeak” ez izateko helburua du neurriak.
Aurreko egutegiarekin alderatuta desberdintasun bakarra opor egunak direla azaldu du Ruizek. Azaroan zehaztuko dituztela esan du, gainerakoak Eguberriak, Inauteriak eta Aste Santua existitzen zirelako dagoeneko. Egun horietan jarduerak antolatuko dituzte zentroetan, gurasoen familia eta lan-bizitza bateratzeko.
Bost epe
Egutegiaren arabera, Kantabriako ikasleek eta irakasleek 35 ikasteguneko lehen epe bat izango dute irailaren 8tik aurrera. Ondoren astebeteko oporraldia izango dute, urriaren 31tik azaroaren 4ra.
Bigarren epea 33 eskola egunekoa izango da. Ondoren eskolarik gabeko bi aste izango dira abenduaren 26tik urtarrilaren 6ra (jaieguna). Hirugarren epeak 32 ikastegun izango ditu, eta ondore beste astebeteko oporraldia, otsailaren 23tik 28ra.
Laugarren epeak eskola egun gutxien izango ditu, konkretuki 31, ondoren astebeteko oporraldia izango dute ikasleek, apirilaren 17tik 21era. Azken eskola epea luzeena izango da (44 egun) eta ekainaren 23an bukatuko da.