Gizartea -
Manifestazioa
Jendetza batu da Iruñean, euskararen aldeko aldarriarekin bat eginez
Paul Bilbaok adierazi duenez, ez da inoren kontrako manifestazioa, eskua luzatzeko manifestazioa baizik. Ildo horretan, Nafarroan euskaraz bizi ahal izateko elkarrekin lan egiteko deia egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka lagun atera dira larunbat honetan kalera Iruñean, euskararen aldeko aldarriarekin bat eginez.
Kontseiluak deitu du gaurko manifestazioa euskararentzat politika eraginkorrak abian jar daitezela eskatzeko. Deitzaileen arabera, euskararen aldeko aldarria kalera eramatearen beharra ezinbestekoa da.
'Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu' lelopean, 17:30ean abiatu da martxa Golem zinema-aretoetatik.
Manifestazioan zehar "Barkos bultza, hemen duzu laguntza" eta "Vascuence legea, denontzat kaltea" oihuak entzun dira.
Hainbat lagun izan dira martxaren buruan, tartean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia. Gainera, beste zenbait ordezkari politiko izan dira bertan, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, eta Maiorga Ramirez eta Miren Aranoa EH Bilduko parlamentariak.
Iruñeko kaleetatik igaro ostean, Sarasate Pasealekuan amaitu dute manifestazioa.
Kontseilua elkartearen oharra
Ohar baten bidez Kontseiluak azpimarratu duenez, "euskarari dagokion lekua eman behar diogu, neurri eraginkorrak hartuta; bada garaia benetako hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko".
"Gobernua osatzerako orduan desadostasun arrazoia izan zen gure eskubideak murrizten duen legea, eta horrek kezkatzen gaitu. Hainbat neurri jada hartuta izango zituztela espero genuen", adierazi du elkarte horrek.
Hori dela eta, "ezinbestekoa da Nafarroako administrazioaren euskalduntzea, eta baliabideetan aurrerapen nabarmena ematea". "Dagokion lekua eman behar zaio euskarara, justizia kontua delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa baita. Hizkuntza-eskubideen bermearen alde hartutako neurriek erreakzioak eragin dituzte, eta horrek harritu gaitu", gaineratu du Kontseiluak.
Mobilizazioa 'inoiz baino beharrezkoagoa'
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, ez da inoren kontrako manifestazioa: "Eskua luzatzeko manifestazio bat da. Indar erakustaldi bat, Nafarroako instituzioei, alderdiei eta eragileei erateko badagoela herri-gogo indartsu bat eta guztiok batera egin behar dugula lan benetan Nafarroan euskaraz bizi ahal izateko".
Astean zehar Paul Bilbaok nabarmendu du azken gertakariek "mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa" dela erakutsi dutela. "Hiritarren nahiak eta beharrak oso presente daude", Bilbaoren arabera.
"Denbora honetan, kalean aldarrikatzea inoiz baino beharrezkoagoa da", adierazi du. Horren harira, ETBren seinalea etetea, Iruñeko haur-eskolen kasua edota Baztango euskara plana ezgaitzea aipatu ditu. Hiru kasu horiek euskararen ahultasun egoera agerian utzi dutela nabarmendu du Bilbaok, eta epaileen jarrera salatu du.
Bestalde, euskaraz bizi nahi duten herritarren erabakia goraipatu du. "Euskarari bidea ematea" eskatu du Kontseiluako idazkari nagusiak. "Erabaki eraginkorrak hartzea zilegia eta beharrezkoa da, oreka soziala mantentzeko", gaineratu du.