Gizartea -
GALIZIA
Alvia trenaren Santiagoko istripuaren instrukzioa berriro zabaldu dute
Coruñako Lurralde Auzitegiak agindu du instrukzioa berriro zabaltzea. Iazko urrian, ikerketa ixtea erabaki zuen epaileak, eta treneko makinista inputatu zuen, bakarrik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alvia trenak, 2013ko uztailaren 24an, Santiagoko Angrois auzoan, izandako istripua argitzeko instrukzioa berriro zabaltzea agindu du Coruñako Lurralde Auzitegiak. 80 pertsona hil ziren eta ehundik gora zauritu ezbehar hartan.
Santiagoko Epaitegiko Andres Lago epaileak instrukzioa itxi egin zuen iazko urrian, eta Francisco Garzon treneko makinista inputatu zuen, bakarrik. Adifeko administrazio kontseiluko kideak eta segurtasuneko bost teknikari aske utzi zituen.
Erabaki horren aurrean, apelazio helegiteak aurkeztu zituzten istripuaren biktimek, eta, orain, Lurralde Auzitegiko epaileak onartu egin ditu.
Besteak beste, istripua izan zen lekuko segurtasunaren inguruko txosten teknikoak eta azterketa integrala berriro egitea eskatu du magistratuak.
Bereziki, ezbeharra izan zeneko bihurgunea ikertuko da. Biktimek apelazio helegitean salatu zutenez, Adifek erantzukizuna du gertatutakoan, konpainia publiko horrek trenbidearen segurtasun sistemak ez zituelako behar bezala zaindu.