Gizartea -
TRATU TXARRAK
Lau gizonezko atxilotu dituzte Nafarroan, tratu txarrak egotzita
Nafarroako Foruzaingoak gaur jakitera eman duenez, Iruñean, Altsasun, Tuteran eta Cintruenigon egin dituzte atxiloketak, azken egunotan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau gizonezko atxilotu dituzte azken egunotan Nafarroan, tratu txarrak eman izana leporatuta. Foruzaingoak jakitera eman duenez, Iruñean, Altsasun, Tuteran eta Cintruenigon egin dituzte atxiloketak.
Joan den ostegunean izan zen atxiloketetako bat, Tuteran. 25 urteko gizonezko bat hartu zuen preso Foruzaingoak, ustez bere amari tratu txarrak emateagatik.
Amak jarritako salaketaren arabera, eztabaida izan zuen semearekin, eta horrek kolpeak eman zizkion. Etxean, gainera, hainbat txikizio eragin omen zituen gazteak. Etxebizitzan bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Egun horretan bertan, 45 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Altsasun. Kamioilaria da, eta bikotekidearekin ari zen bidaia egiten. Itxuraz, eztabaida gogor bat izan zuten, eta emakumea Altsasuko gasolindegi batean uzten saiatu zen gizonezkoa. Emakumeak salaketa jarri zuen Foruzaingoaren aurrean, eta ustezko erasotzailea preso eraman zuten.
Iruñean, ostegunean bertan, 45 urteko emakume batek senar ohia salatu zuen, tratu txarrak eman izana egotzita. Foruzaingoak atxilotu egin zuen ustezko erasotzailea, emakumearen lekukotza aintzat hartuta.
Igandean, berriz, beste gizonezko bat atxilotu zuten Cintruenigon, ustez bikotekidea jo zuelako, seme-alabak aurrean zirela.