Gizartea -
Gertaera
Atxilotu bat Gasteizen, gazte bati labanaz erasotzeagatik
Ustezko erasotzailea, 19 urteko gizona, larunbat goizean igaro da epailearen aurretik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
19 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, ostirala, Gasteizen, indarkeriaz egindako lapurreta eta arma zuriz beste gazte bati eraso egitea egotzita. Ustezko erasotzaileak labanaz mehatxu egin zien hiru gazteri eta likore botila batzuk lapurtu zizkien eta, jarraian, handik gertu, bere lagunetako bati labanaz eraso egin zion.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, apirilaren 16an jazo ziren gertaerak Arabako hiriburuko Arambizkarra auzoan.
Gazte batek Ertzaintzari deitu zion gaueko hamaikak aldera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako plazan lapurreta egin zietela ohartarazteko.
Biktimen -bi emakume eta gizonezko bat- lekukotzaren arabera, pertsona bat gerturatu zitzaien eta, emakumeetako baten ondoan eseri ondoren, labanaz mehatxu egin zien. Hori dela eta, esku artean zituzten bi botila zumo eta likore botila bat poltsan gorde eta bertatik ihes egitea erabaki zuten. Orduan erasotzaileak lepotik heldu zion gizonezkoari eta eskuan zeraman poltsa emateko eskatu zion. Ondorioz, poltsa lurrean utzi eta ihes egin zuen. Erasotzailearekin izandako borrokan besoan zauria egin zuen.
Ertzainak hiru gazteen lekukotza entzuten ari zirela, handik gertu izandako beste eraso baten berri izan zuten; hain zuzen ere, Arambizkarra plazan 20 urteko gazte bati labanaz eraso egin zieten eta Txagorritxuko ospitalera eraman zuten.
Ertzaintzak egindako ikerketaren arabera, lapurreta egin zuena eta 20 urteko gazteari eraso egin ziona pertsona bera zen.
Ustezko erasotzailea, 19 urteko gizona, larunbat goizean igaro da epailearen aurretik.