Gizartea -
HITZARMENA
Bat, Barik eta Mugi txartelak, Euskotrenen ibilbide osoan erabilgarri
Euskotrenek, Bizkaiko Garraio Kontsortzioak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak izenpetutako akordioari esker erabili ahal izango dira hiru txartelok Euskotrenen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskotrenen ibilbide osoan, Bilbo eta Hendaia trenez lotzen dituen ibilbidean, Bat, Barik eta Mugi txartelak erabili ahal izango dira, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) jakitera eman duenez.
Aste honetan egin duen batzar orokorrean onartu du GGLAk Euskotrenekin eta Bizkaiko Garraio Kontsortzioarekin adostutako hitzarmena onartzea. Oraindik, zehazteke daude hiru txartelok Euskotrenen ibilbidean erabili ahal izateko baldintzak.
Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak esan duenez, Gipuzkoako herritarrek Euskotrenen Bizkaiko ibilbidean eta Bilboko Metroan Mugi txartela erabili ahal izango dute, "arazorik gabe eta joan-etorriak erraztuz".
Hitzarmen honek, Aizen aburuz, Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek garraio publikoaren alde hartutako "konpromisoa" berresten du, herritarren mugikortasuna errazteko bidean.