Gizartea -
LEHIAKETA
Bilboko gazte bat, Nazioarteko Olinpiada Matematikoan
Martin Ortiz gazte bilbotarrak urrezko domina irabazi du Olinpiadaren Estatu mailako fasean, eta, horrenbestez, Nazioarteko finalerako sailkatu da. Uztailean Hong Kongen du hitzordua.
EITB.EUS
Martin Ortiz Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak urrezko domina irabazi du Espainiako 52. Olinpiada Matematikoan, eta, ondorioz, uztailean Hong Kongen (Txina) jokatuko den Nazioarteko 57. Olinpiada Matematikoan parte hartuko duen Espainiako taldeko kide izango da.
Batxilergoko lehen maila ikasten ari da Ortiz, eta Espainiako aurreko bi edizioetan brontzezko eta zilarrezko dominak irabazi zituen. Gainera, irailean Txilen jokatuko den Matematikako 31. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaia ere bada.
Estatuko 52. Olinpiada Matematikoan 77 ikaslek hartu dute parte, bakoitza bere erkidegoko lehiaketan sailkatu ondoren. EAEko ordezkaritza batek inoiz lortu dituen emaitza onenak eskuratu ditu aurtengo Olinpiadan.
EHUko Matematika alorreko irakasleak daude lehiaketa honen antolatzaileen artean, eta oso pozik agertu dira aurtengo emaitzekin: "Zorionik beroenak Olinpiada Matematikoko euskal ordezkaritza osatu duten guztiei egindako esfortzuagatik. Uste dugu arrakasta honek gure ikasleak motibatzeko eta etorkizuneko ekitaldietan parte hartzen animatzeko balioko duela".
Olinpiada horien helburua Batxilergoko ikasleen artean matematika ikasketak zabaltzea eta horienganako zaletasuna piztea da, "kiroltasuna eta zientzia" erdigunean jarrita.