Gizartea -
ISTRIPUA, TARRAGONAN
Bi dolu egun deitu dituzte Katalunian, autobus istripua dela eta
Kataluniako presidentearen hitzetan, gorpuak identifikatzen ari dira, eta hildakoen kopuru zehatza zein den jakin zain daude, datu ofizialak ematen hasi aurretik. Oraingoz, hildakoak 13 dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi dolu egun deitu dituzte Katalunian, Freginalsen (Tarragona) izandako autobus istripua dela eta. Gutxienez 13 lagun hil dira.
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, Tortosan hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, dolumina helarazi die biktimen senideei. Iragarri duenez, biharko eta etzirako deitu ditu Generalitateak dolu-egunak.
Presidentearen hitzetan, gorpuak identifikatzen ari dira, eta hildakoen kopuru zehatza zein den jakin zain daude, datu ofizialak ematen hasi aurretik.
Jordi Jane Kataluniako Barne kontseilariak goizean zehaztu duenez, giza-akatsa izan liteke istripuaren arrazoia. Puigdemontek zehaztu duenez, autobusak errepideko erdibitzailea gurutzatu du, baina oraindik ez dakite zergatik. Giza-akatsa edo arrazoi mekanikoak dauden tartean, ikusteko dago, horren arabera.
Parisera joatekoa zen gaur Puigdemont, baina bertan behera utzi du bidaia, Tarragonako istripuagatik. Giza-talde zabal bat ari da lanean, presidenteak ziurtatu duenez, biktimei eta horien senideei laguntza eskaintzen. "Hori da lehentasuna", esan du.