Gizartea -

Aste Santuko oporrak

Arazo handirik ez irteera operazioaren lehen egunean

Gaur, 08:00etatik 15:00etara egongo da zirkulazio gehien euskal errepideetan. Atzo ez zen arazo handirik jazo, ilara batzuk salbu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko oporretan zirkulazio operazio berezia jarri du abian Herrizaingo Sailak, baina atzo, iIrteera operazioaren lehen egunean, ez zen aparteko arazorik jazo, arratsaldean eratutako auto-ilararen bat salbu.

Sailak jakitera eman duenez, 16:30 aldera auto-ilarak eta zirkulazio motela izan zen AP-1 autobidean Armiñonen (Araba), Madrilgo noranzkoan, N-1 errepideko elkargunean. Auto-ilarak hiru edo lau kilometroko luzera izan du.

Zirkulazio motela eta auto-ilaren bat (500 bat metrokoa) izan da A-8 autobidean, Biriatu parean, Frantziako noranzkoan.

Orotara, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak uste du euskal errepideetan 325.000 joan-etorri izango direla Aste Santuan.

Duela egun batzuk Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Amparo Antelo Trafiko zuzendariak azaldu zutenez, zirkulazio dentsitate handiena asteazkeneko 14:00etatik 24:00etara eta osteguneko 08:00etatik 15:00etara izango da irteera operazioan, eta asteleheneko 15:00etatik 22:00etara itzulera operazioan.

Gipuzkoan, operazioa asteartea arte luzatuko dute, mugan zirkulazio handia espero baitute.

Astelehenean Euskal Herriko Itzuliaren lehen etapa izango da, baina, dena dela, txapelketak ez du eraginik izango sare nagusiko errepideetan.

Euskaditik pasatuko diren bidaia gehienak lurraldeko beste puntu batzuetara edo alboko erkidegoetara joango diren euskal herritarrek egingo dituzte.

Aurtengo Aste Santuan, Euskadik beste 32 radar izango ditu. Horrenbestez, guztira 70 izango dira errepideetan.

7.500 kilo baino gehiagoko kamioiek, ibilgailu bereziek eta garraio arriskutsuak egiten dituztenek mugak izango dituzte egun hauetan zirkulatzeko.

Trafiko Zuzendaritzak indartu egingo ditu bere baliabideak, eta 902 112 088 telefono zenbakiaren zerbitzua ere.

Aireportuak: Bilbo-Amsterdam hegaldia, berritasun nagusia

Euskadiko aireportu inportanteenak, Loiukoak alegia, 816 hegaldi eskainiko ditu Aste Santu honetan, hots, 115.000 bidaiari baino gehiago garraiatuko ditu.

Ohiko hegaldiak eskaini ez ezik, Erroma, Praga, Istanbul, Dubrovnik, Berlin, Marraquech eta beste hainbat hiri ere lotuko ditu charter lineen bidez.

Aste Santu honetan, gainera, Bilbo-Amsterdam hegaldia inauguratuko dute. Lehen aldia izango da Euskadi eta Herbehereak airez lotzen dituztela.

Trenak: Greba Renfen

greba

Dena dela, enpresaren iturrien arabera, normaltasuna izan da nagusi Euskadin. Gutxieneko zerbitzuek normaltasunez funtzionatu dute eta trenek arazorik eta atzerapenik gabe zirkulatu dute.

eitb.com-en jarraipena

Egun hauetan, eitb.com-eko Albisteak zein Trafiko atariek errepide sare nagusietako irudi errealak ikusteko aukera eskainiko dute, streaming bidez. Halaber, gorabehera guztien zerrenda trafikoa/errepideak atalean izango dira ikusgai.

Gainera, arazoren bat izanez gero, eskura izango dituzu trafiko telefono guztiak eta Europarantz bidaiatzekotan bazara, irakurri herrialdez herrialdeko zirkulazio arauak.

Eguraldi egonkorra eta atsegina espero da Aste Santurako, baina egunero jarraitu ahal izango duzu eguraldiaren garapena gure webgunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea