Gizartea -

TXERTOAK

Pneumokokoaren aurkako txertoa ematen hasiko da Nafarroako Gobernua

Pneumokokoaren bakteriak otitisa, pneumonia eta meningitisa eragin ditzake, besteak beste. 3,3 milioi bideratuko ditu Foru Gobernuak txerto hau jartzera.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak pneumokokoaren aurkako txertoa Osasunbidearen txertoen egutegi ofizialean sartzea erabaki du. Urte honetan bertan hasiko dira txertoa ematen haurrei eta arrisku-talderen batean dauden helduei. 3,3 milioi euro bideratuko ditu Foru Gobernuak ekimen horretara datozen lau urteotan.

Gaurko bilkuran onartu du Uxue Barkosek zuzentzen duen Exekutiboak pneumokokoaren aurkako txerto konjugatua egutegian sartzea. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari txertoa banatzen hasteko lizitazioa abian jartzea eskatu dio Foru Gobernuak,  Ana Ollo bozeramaileak, hedabideen aurreko agerraldian, jakitera eman duenez.

Kontratazio espedientean, besteak beste, txerto bakoitzaren prezioa finkatu da, 42,328 euro dosi bakoitzeko (BEZa barne).  Denera, aurten, pneumokokoaren aurkako txertoak  582.000 euroko gastua eragingo dio Foru Gobernuari, aurreikuspenen arabera.

Bestalde, gaur adostutako txostenean jasotzen denez, 2019ra arte jarriko da, oraingoz, txertoa, eta hortik aurrera berriro aztertuko da gaia. 3,3 milioi euro bideratuko dituzte horretara datozen lau urteetan; 2,95 milioi euro haurrei jarritako txertoetara, eta 360.000 euro arrisku-talderen batean dauden helduei jarritakoetara.

Pneumokokoaren bakteriak otitisa, pneumonia eta meningitisa eragin ditzake, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nerabezaroa albisteak Txertoak albisteak