Gizartea -

Iragarpena

Negu beteko eguraldia eta abisu horia elurragatik astelehen-asteartean

Elur-maila 800 metroan kokatuko da gaur eta 300 metroan astelehenean. Asteartea izango da egunik hotzena.

Familia bat, olatuei begira, Donostian Efe
Familia bat, olatuei begira, Donostian Efe
Familia bat, olatuei begira, Donostian Efe

Maider Beistegi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negu beteko eguraldia izango dugu datozen egunetan. Zaparradak, ekaitza, txingorra eta tenperaturen jaitsiera izango ditugu gaur. Goizean mendebaldetik fronte berri bat iritsiko da eta euritarako joko du. Haizea ere frontea iristearekin ipar-mendebaldetik finkatuko da eta boladaka gogor eta oso gogor joko du, batez ere kostaldean. Arratsalderako elur-maila 800 metro ingurura jaitsiko da, Euskalmeten arabera.

Astelehenean, gehiago petralduko da giroa: ekaitzak, ipar haize hotza eta elurra. Zaparradak edonon eta edonoiz, eta txingorra ere egingo du. Hozteko joerari eutsiz, elur-mailak behera egingo du; goizaldean 700-800 metroan kokatuko da eta orduek aurrera egin ahala 500 metrora jaitsiko da. Arratsaldean 300 edo 400 metroraino jaitsi daiteke. Tenperaturak 10 ºC-tik behera izango dira, eta 5 ºC-tik beherakoak barnealdean. Guzti horren eraginez, egun guztian zehar abisu horia egongo da indarrean elurragatik, barnealdean.

Horrez gain, egun guztian zehar ere, abisu horia egongo da haizeagatik haizeguneetan. Ipar-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan ipar-osagaiko haize boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke, batez ere Araban eta Gipuzkoan.

Asteartea izango da egunik hotzena, batez ere barnealdean eta bertan 5 ºC-ren azpitik mugituko dira termometroak. Elurragatiko abisu horia egongo da indarrean 12:00ak arte. Elur-maila 300-400 m inguruan kokatuko da. Zaparrada txikiak botako ditu, batez ere mendebaldetan, eta arratsaldean atertu egingo du.

Abisu horia olatuengatik

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia indarrean utzi du gaurko haizeagatik eta kostaldera iritsiko diren olatuengatik. Abisu horia nabigaziorako ere izango da, bost metro arteko olatuak izango direlako. Goizeko lehen orduetan, 5 metroko olatuak izango dira, eta 4-5 metrokoak arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Eguraldia Elurra bideoak Eguneko albisteak Albisteak