Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi adingaberi sexu-erasoa egin zieten Gasteizko inauterietan
Erasotzaileak ere adingabeak ziren, eta atxilotu egin zituzten, sexu-gehiegikeriak leporatuta.
agentziak | erredakzioa
Bi neska adingaberi sexu-erasoa egin zieten aurreko larunbatean, inauterietan, Gasteizko Alde Zaharrean. Erasotzaileak ere adingabeak ziren, eta atxilotu egin zituzten, sexu-gehiegikeriak leporatuta.
Udalak baieztatu du biktimetako batek sexu-erasoa salatu zuela, eta bi atxilotuak, 15 urte ingurukoak, Arabako Aldundiaren esku dauden aljeriarrak direla baieztatu du Foru Aldundiak.
Larunbateko gauerdiaren aurretik izan zen erasoa, Gasteizko Alde Zaharreko taberna baten barruan.
Adingabeei sexu-gehiegikeriak egin zizkieten bi adingabek. Erasotzaileak beste hiru lagunekin zeuden, Aldundiaren esku dagoen Bideberria adingabeen harrera zentrokoak denak.
Dirudienez, ukituak egin zizkieten neskei, eta iraindu egin zituzten. Biktimak inguratu zituzten, taberna jendez gainezka eta musika oso altu zegoela aprobetxatuz. Tabernako langileetako bat, baina, gertatzen ari zenaz ohartu zen, eta adingabeak babestera joan zen. Orduan, erasotzaileek botilak hautsi zituzten eta, horiek erabiliz, mehatxu egin zioten, ihes egiteko.
Udaltzaingoaren patruilak bertaratuta, berehala aurkitu zituzten erasotzaileak. Horietako bi atxilotuta eraman zituzten, sexu-erasoa eta arma zuriz mehatxu egin izana egotzita. Beste hirurak Bideberria zentrora eraman zituzten.
Udaltzaingoaren izapideak betetakoan, igande goizaldean, zentrora eraman zituzten atxilotuak, Adingabeen Fiskaltzak horiekin zer egin erabaki arte.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.