Gizartea -
El Salvador
Jesuiten sarraskiagatik atxilotutako lau militarrak, epailearen esku
El Salvadorreko Justizia Gorte Gorenak estradizio prozesuaren hurrengo pausoak erabakiko dituen auzitegia zehaztuko du gaur.
Agentziak | Erredakzioa
1989an sei apaiz jesuiten sarraskian parte hartzeagatik atxilotutako lau militarrak epailearen esku geratu dira El Salvadorren, igandean Poliziak jakinarazi zuenez. Besteak beste, Ignacio Ellacuria euskal jesuita hil zuten. Langile bat eta haren alaba ere akabatu zituzten.
Larunbatean bake-epaile baten esku geratu ziren. El Salvadorreko Justizia Gorte Gorenak estradizio prozesuaren hurrengo pausoak erabakiko dituen auzitegia zehaztuko du gaur.
Guillermo Alfredo Benavides koronela, Ramiro Avalos Vargas eta Tomas Zarpate Castillo sarjentuak eta Angel Perez Vasquez kaboa, militar erretiratuak, ostiral gauean abiatu zuten operazioan atxilotu zituzten.
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nagusiko epaileak 17 militar erretiratu atxilotzeko agindua eman zuen, Ignacio Ellacuria Erdialdeko Amerikaren Unibertsitateko (UCA) errektorea, bost jesuita eta bi emakume ustez hiltzeagatik.
Gainerako 12 militarrak, ihes eginda
Lau militarren atxiloketen berri eman eta ordu batzuk geroago, gainerako 12 militarrek ihes egin dutela baieztatu zuen Salvador Sanchez Ceren presidenteak. Entregatzeko eskatu zien Sanchezek, “herriarentzako onena delako”.
Bestalde, Inocente Montano Defentsa ministro ohia AEBetan dago espainiaratzeko zain, iragan ostiralean epaile batek horretarako baimena eman ondoren.