Gizartea -

Azpiegitura

Donostiako autobus geltoki berria inauguratu dute

Larunbatean jarriko dute martxan terminala, 05:00etan, Loiurantz aterako den autobus-zerbitzuarekin.

Donostiako autobus geltoki berria. Agazkia: EiTB
Donostiako autobus geltoki berria. Argazkia: EiTB
Horrelakoa da Donostiako autobus geltoki berria

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur inauguratu dute, azkenean, Donostiako autobus geltoki berria. Besteak beste, Eneko Goia hiriko alkatea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira irekiera-ekitaldian. Berez, abenduaren 22an zen irekitzekoa, baina kea kanporatzeko sisteman atzemandako arazo teknikoak tarteko, atzeratu egin behar izan zuten.

12:00etan egin den inaugurazio ofizialaren ostean, herritarrei zabaldu zaizkie ateak, geltokia barrutik ikusteko aukera izan dezaten. 17:00ak arte egongo dira zabalik.

Donostiako Udalak jakitera eman duenez, larunbat goizaldean jarriko dute martxan geltokia, 05:00etan Loiura bidean aterako den autobus-zerbitzuarekin. Pio XII.aren plazako geraleku zaharretik azken autobusa, berriz, bihar 03:00etan aterako da, Biarritzerantz. Oraingoz, dena dela, terminal hori ez da behin betiko itxiko, Euskotrenen hainbat zerbitzuk (Urola Kosta eta Urola Erdia) bertan jarraituko baitute, Foru Aldundiak abisua eman arte.

18.356,99 metro koadroko azalera du geltoki berriak: 21 dartsena ditu, hiru solairu eta lurpeko solairu bat. Erabiltzaileentzat lau sarrera izango ditu. Halere, horietako bat oraindik amaitu gabe dago, eta, hori dela eta, bihar hiru sarbide zabalduko dira: Frantzia Pasealekukoa, Renfeko Geltokikoa eta Egiako igarobidekoa.

500 autobus egunean

Egunero 500 bat autobus ibiliko dira joan-etorrian geltoki berrian. Udalak emandako datuen arabera, 8.000-10.000 erabiltzaile inguru hartuko ditu egunero terminalak, batez beste.

32 milioi euro behar izan dituzte geltoki berria egiteko eta ingurua urbanizatzeko; 14,6 milioi Udalak jarri ditu, eta 6 milioi Aldundiak. Gainerakoa, Murias eraikuntza-enpresak ordaindu du, horrek izango baitu hemendik aurrera geltokia kudeatzeko ardura.

Zerbitzuak

Geltokiak, besteak beste, ohiko txarteldegiak, kafetegia edota prentsa-saltokia izango ditu, eta loteria administrazioa ere izango du martxotik aurrera.Ezintasun fisikoak dituztenentzat egokitutako azpiegitura dela ziurtatu du Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Gipuzkoako albisteak Eneko Goia argazkiak Gizartea albisteak EAJ Albisteak Gaur Eguneko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia