Gizartea -
Galde-erantzunak
Zika birusari buruz jakin behar duzun guztia
Zalantza guztiak argitzen dizkizugu: zer da, zeintzuk dira sintomak, zein da tratamendia, zein herrialdetan hedatu da...
eitb.eus
Zer da?
Zika 'Aedes aegypti' moskitoak transmititzen duen birus bat da.
Lehen aldiz, 1947an identifikatu zuten birusa, Indiako tximino batzuetan. Gizakietan 1952an atzeman zuten, Ugandan eta Tanzanian.
Sintomak
Dengearen antzekoak dira: sukar arina, legenak, buruko mina, ondoeza, mina artikulazioetan eta giharretan eta konjuntibitisa.
Moskitoak ziztatu eta 2-7 egunera ager daitezke sintomak.
Larria ote?
Gaixotasuna haurdunen kasuan izan daiteke larria. Izan ere, fetua hil egin daitekeela edo malformazioak izan ditzakeela dirudi, oraindik guztiz baieztatuta ez dagoen arren.
Transmisioa
Ameriketako inguru tropikaletan ohikoa den Aedes aegypti moskitoak transmititzen du birusa.
Nolanahi ere, AEBko agintariek baieztatu dute sexu harremanen bidez transmititutako lehen kasua atzeman dutela. Kaltedunak harremanak izan zituen beste herrialde batean gaixotu zen pertsona batekin.
Ba al dago txertorik edo tratamendurik?
Zika birusa arina izan ohi da, eta ez du tratamendu berezirik behar. Gaixo daudenek atsedena hartu behar dute, likido ugari edan eta analgesiko arruntak hartu. Sintomek txarrera eginez gero, medikuarenera jo beharra dago.
Egun, ez dago txertorik gaixotasunaren aurka. AEBko agintariek aurreratu dute bertako bi konpainia ikerketa egiten ari direla, eta urte amaierarako entsegu klinikoak hasiko dituztela. Dena dela, dena ondo joanez gero, urte batzuk joango dira oraindik txertoa merkatuan egoteko.
Ba al dago arriskurik Euskal Herrian?
Alfonso Alonso Espainiako Gobernuko Osasun ministroak azaldu du Estatuan arriskua "oso txikia" dela. Hala ere, protokolo bat diseinatuko dute autonomia erkidegoekin batera, badaezpada ere, birusaren balizko hedapena geldiarazteko.
Martxoaren 14a arte, 43 kasu identifikatu dituzte Espainiako Estatuan; horietako bi, EAEn eta Nafarroan. Dena dela, birusa oso hedatuta dagoen herrialdeetatik etorri diren pertsonen kasuak izan dira.
Europako Batzordeak ere nabarmendu du birusa Europar Batasunean transmititzeko arriskua "oso txikia" dela, eta eman daitezkeen kasuak kaltetutako herrialdeetatik etorritako pertsonak direla gaineratu du.
Bideoa: Haurdun dauden eta zika duten bi emakumeren testigantza
Haurdunentzako aholkuak
Espainiako Gobernuak "zuhurtzia" eskatu die haurdun dauden eta kaltetutako herrialdeetara joan nahi duten emakumeei.
Horren ildotik, bidaia egin aurretik Nazioarteko Txertatze Zentro batera joatea aholkatu die, moskitoak uxatzeko produktuei eta prebentzio neurriei buruzko informazioa jaso dezaten.
Prebentzio neurriak
Zikak kaltetutako herrialde batean bizi bazara edo leku horretako batera bidaia egin nahi baduzu, kontuan hartu osasun arloko agintariek emandako aholku hauek:
- Erabili moskitoak uxatzeko produktuak, gutxienez % 35-45eko DEET dutenak
- Jantzi kolore argiko arropak, eta gorputza ahalik eta gehien estali
- Turista bazara, saia zaitez aire girotua duten lekuetan lo egitea, edota eltxo-sareak eta permetrinak dituzten oheetan
- Jarri oztopo fisikoak etxeetan eta oheetan (eltxo-sareak adibidez) eta itxi ateak eta leihoak
- Hustu eta garbitu ura pilatu daitekeen objektuak, hala nola ontziak eta loreontziak
- Ez pilatu zaborrik, eta bota ezazu poltsa itxietan
Zeintzuk dira birusa hedatu den herrialdeak?
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ohartarazi du 3-4 milioi kasu eman daitezkeela Amerikan; horietako 1,5 milioi, Brasilen, hori baita zikak gehien astindutakoa.
Urtarrilaren 29a arte, 24 herrialdetan hedatu da birusa: Barbados, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Ekuador, Salvador, Guadalupe, Guatemala, Guyana, Guyana Frantziarra, Haiti, Honduras, Birjina Uharteak, Martinika, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, San Martin, Surinam eta Venezuela.