Gizartea -

Epaia

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Igeldoren desanexioa

Donostiako Udalak jarritako helegitea aintzat hartu, eta baliogabe utzi du Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako dekretua.

Igeldo bereiztea
Igeldo bereiztea
2013an Foru dekretuak onartu zuen segregazioa bertan bera geratu da

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igeldo Donostiatik bereizi eta herri izendatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013an onartutako dekretua bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Donostiako Udalak erabaki horren kontra jarritako helegitea aintzat hartuta.

Auzitegiak gaur kaleratutako epaiak baliogabe utzi eta Zuzenbidearen kontrakotzat jo du Aldundiak EH Bildu agintean zegoela onartutako foru dekretua.

Berez, behin-behinean etenda zegoen dekretua 2014ko apiriletik, EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiari jarraiki. Gaia sakonean aztertu ondoren, orduan emandako epaia berretsi du.

Gipuzkoako Aldundia ez ezik, Itxas Aurre elkartea ere eraman zuten auzitara, horrek bultzatu baitzuen Igeldo desanexionatzeko prozesua.

Udalaren argudioak bere egin ditu Auzitegi Nagusiak

Auzitegi Nagusiaren aburuz, Foru Aldundiaren dekretua Gipuzkoako Lurralde Historikoaren udalen mugak zehazten dituen foru-arauaren (2003koa) 7.1 artikuluaren kontrakoa da. Horren arabera, segregazio prozesuak "interes publikoko arrazoi iraunkorrak" daudenean egin ahal dira, baina herri bihurtu nahi dituztenek "2.500 biztanle baino gehiago" izan behar dituzte. Auzitegiaren kasuan, Igeldoren kasuan, ez da ez bata ez bestea betetzen.

Aldundiak igeldotarrek herri-kontsulta bidez azaldutako nahiari zor zion errespetua argudiatu zuen desanexioa baimentzeko. Gaur kaleratutako epaiak jaso duenez, jurisprudentziaren arabera, "herritar talde baten gehiengoak segregazioaren alde egitea ez da erabakigarria Administrazioak onartzeko".

Epaileen ustez, kontsultaren emaitzak "ez dira lotesleak"; izan ere, orduko hartan ez zen gehiengo absoluturik lortu.

Aldundiak ez du errekurrituko

Gipuzkoako Aldundiak iragarri du ez duela helegitea jarriko epaiaren aurka.

"Gaizki amaitzen da gaizki hasten dena; denok bagenekien prozesuak ez zituela kontuan hartu herritar guztien iritziak, eta, gainera, ez zituen errespetatu foru arauak", azaldu du Imanol Lasa bozeramaileak.

Horren esanetan, prozesu guztiak "akats ugari" izan ditu, eta epaia "argia" izan da, aurreko foru gobernuak onartutako dekretu bat "baliogabe" utzi baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia albisteak Gipuzkoako albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa EAEko Auzitegi Nagusia hoy Gipuzkoako Foru Aldundia