Gizartea -

Indarkeria matxista

Kandelak eta pelutxeak, Gasteizen hildako neskatoaren oroimenez

Gasteizko Udalak "gertakari krudel" horiek gaitzesteko elkarretaratze isila deitu du eguerdirako.

Gasteizko Askatasun kaleko 14. zenbakia aldare bihurtu dute herritarrek. EFE
Gasteizko Askatasun kaleko 14. zenbakia aldare bihurtu dute herritarrek. EFE
Kandelak eta pelutxeak, Aliciaren omenez

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Askatasun kaleko 14. zenbakia aldare bihurtu dute Gasteizko herritarrek. Atzo hil zen Gurutzetako Ospitalean Alicia 17 hilabeteko neskatoa; herenegun sexu abusuak ustez egin zizkion gizonak leihotik behera bota ostean jasandako lesioen ondorioz. Neskatoaren oroimenez kandelak eta pelutxeak paratu dituzte bizilagunek.

Gasteizko Udalak, bestalde, elkarretaratze isila deitu du gaur eguerdirako. Astelehenean jasandako "eraso basatiaren" ondorioz jazotako "gertakari krudelak" gaitzestea du helburu bilkurak.

Neskatoak lesio larriak zituen buruan, eta eraso jasan eta bi egunera hil zen. Ordutik, Askatasun kaleko 14. zenbakira gerturatu dira bizilagunak.

Polizia iturrien arabera, ustezko hiltzaileak, 30 urteko gizonezkoak sexu abusuak egin zizkion haurrari, eta amak harrapatu zuenean, leihotik behera jaurti zuen umea eta emakumeari ere eraso egin zion. 

Gaitzespen mezua

Goizean goizetik, herritar andana hurbildu da erasoa jazo zen lekura. Pelutxeak eta kandelak utzi dituzte farola baten ondoan, gertatutakoaren gaitzespen eta adingabearen oroimenezko mezu batekin batera.

Hala irakur daiteke agirian: "Ez zaitugu ahaztuko, zure falta dugun arren. Zure sakrifizioa ez da alferrik izan. Zuri esker, ausartagoak eta borrokalariagoak izango gara. Ez diogu inori zu manipulatzen eta mendean hartzen utziko. Ez, berriro ez. Ez, inoiz ere ez. Goian bego" Mezua "A" letrarekin amaitzen da, Alicia txikiaren oroimenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Tratu txarrak Delituak albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Haurtzaroa albisteak Erailketak