Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntzako LEPa ekainaren bigarren hamabostaldian izango da
Hezkuntza Sailak gaur zehaztu du zein espezialitateetarako lanpostuak eskainiko dituzten, eta azterketak nolakoak izango diren.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak DBHrako eskainiko dituen 577 plazetarako lehenengo azterketak ekainaren bigarren hamabostaldian izango dira.
Hezkuntza Sailak gaur zehaztu du zein espezialitateetarako lanpostuak eskainiko dituzten, eta azterketak nolakoak izango diren.
577 plazak horrela banatuko dituzte: 84, Euskara eta Euskal Literatura; 80 , Ingelera; 74, Gaztelera eta Literatura espainiarra; 61, Biologia eta Geologia; 57, Matematikak; 54, Geografia eta Historia; 36, Teknologia; 33 Fisika eta Kimika; 29, Hezkuntza Fisikoa; 16, Frantsesa; 14, Latina; 13, Musika; 13, Informatika; 9, Hezkuntza Orientazioa; eta 4, Ekonomia.
Bi froga egin beharko dituzte hautagaiek, eta kanporaketa modukoa izango da.
Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak otsaileko bigarren astean kaleratuko du hautaketa prozesuaren deialdia.
Argitaratu eta hurrengo egunean izena emateko epea irekiko da, eta martxoaren erdialderako, hautagaiek azterketak prestatzeko beharrezko gaitegia jasoko dute.
Espainiako Hezkuntza Ministerioak ezarritako kopurua da 577 plazakoa. 2015ean Hezkuntza Sailak 275 plaza eskaini zituen Lehen Hezkuntzako irakasleentzat.