Gizartea -
Protesta
Araba Garoña Gabe plataformak ez du martxaren debekua errekurrituko
'PPren jokoan ez sartzeagatik' erabaki dute debekuaren aurkako helegiterik ez jartzea. Horren ordez, Araba Garoñaren aurkako pegatinaz josiko dutela iragarri dute plataformako ordezkariek.
agentziak | erredakzioa
Araba Garoña Gabe plataformak ez du Arabako Hauteskunde Batzordearen erabakia auzitara eramango; Batzorde horrek debekatu egin zuen atzo Araba Garoña Gabek zentral nuklearraren kontra larunbaterako Gasteizen deitutako manifestazioa.
Errekurritu ez, baina bestelako ekimenak iragarri dituzte Garoñako zentral nuklearraren itxiera aldarrikatzeko. Besteak beste, milaka pegatina banatuko dituzte Arabako herritarren artean, 'Garoña ez, Eskerrik Asko' mezuarekin. Modu horretan, lurralde osoa pegatinaz josi nahi dute.
Araba Garoña Gabe plataforma osatzen duten elkarteak prentsaren aurrean agertu dira gaur, Arabako Hauteskunde Batzordearen erabakia salatzeko. Manifestazioa egiteko dataren egokitasunaz PPk egindako galdera baten ondotik etorri da debekua, hauteskunde bezperan manifestazioa egiteak, bozetan eragina izan dezakeela argudiatuta.
Alberto Frias Araba Garoña Gabe plataformako eledunaren aburuz, PPk egin duena "zitala eta miserablea" da. Popularrek igandeko manifestazioaren kontra egiteko azken unera arte itxoin dutela salatu du Friasek.
"PPren jokoan ez sartzeagatik" eta "tentsiorik ez sortzeagatik" erabaki dutela debekuaren aurkako helegiterik ez jartzea jakinarazi du.