Gizartea -
EUSKO JAURLARITZA
2025ean energia-kontsumoaren % 20k berriztagarriena izan beharko du
Datozen hamar urteetarako Euskadiko Energia Estrategia berria aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, eta 2025era hainbat helburu ezarri ditu: plan berriak 2.790 milioiko inbertsioa ekarriko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Energia estrategia berritu du Eusko Jaurlaritzak, eta helburu berriak zehaztu. 2025a izango da hurrengo erreferentzia urtea; ordurako egin beharreko etxeko-lanak jaso ditu Gasteizko exekutiboak, gaur hedabideen aurrean aurkeztu duen planean. Energia-eraginkortasuna da xedea. Hala, 2025ean kontsumitutako energiaren % 20k berriztagarria izan beharko du Euskadin. Egun, kontsumitzen denaren % 7 da berriztagarria.
Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak azaldu ditu plan berriaren xehetasunak, Gobernu Batzordearen ondoren egindako agerraldian. Jakitera eman duenez, 2.790 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute ezarritako helburuak lortzeko.
Tapiaren hitzetan, egungo plangintza egokitu dute, krisi ekonomikoak utzitako agertoki berrira: araudi berriak eta Parisko goi-bileran adostutakoak jaso dira estrategia berrian.
Jaurlaritzarenak diren 800 eraikin baino gehiagotan hasiko dira etxeko-lan horiek egiten: erietxetan, eskoletan, epaitegietan, museoetan edo administrazio bulegoetan hasiko dira neurriak ezartzen.
Ehun langile baino gehiago dauden egoitzetan, esaterako, garraio-planak aztertuko dira. Eraikin berrietan energia alternatiboen birkarga puntuak izango dituzte, eta bizikletentzako aparkalekuak. Argindar berriztagarriari emango diote lehentasuna. Hau guztia abian jartzeko eratu da gaur sail arteko batzordea.
Bestalde, aldundi eta udalei begira, jasangarritasun energetikoaren lege egitasmoa prest izango du Jaurlaritzak datorren urtean.
Arlo pribatuan, berriz, bi milioi euroko diru-laguntzak prestatu ditu Gasteizko Gobernuak, ingurugiro hobekuntzak egiten dituzten enpresentzat.