Gizartea -
Giza Eskubideak
2015eko René Cassin saria, frankismoaren biktima kereilarientzat
Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforman antolatutako euskal biktima kereilariei emango diete, hain zuzen ere.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi duenez, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforman antolatutako euskal biktima kereilariei emango die Giza Eskubideen René Cassin 2015 Saria, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak emana.
Epaimahaiak, iragan azaroaren 19an Gasteizen bilduta, kolektibo horrek egindako lana saritzea erabaki du aurten. Hain zuzen, justizia unibertsalaren defentsaren esparruan gauzatzen du Plataformak bere jarduna, giza eskubideen urraketa larriak aurkatzeko tresna gisa.
Aurreko urteetan honako hauek jaso dute saria: Adi-Adian, Biktima hezitzaileak eta Glencree programetan parte hartu duten biktimak (2014), CEAR Euskadi (2013), Bakeaz (2012), Aminetu Haidar (2011), María Oianguren Idígoras eta Brigadas GKEko ordezkariak (2010), Marcos Ana (Fernando Macarro Castillo) (2009), Desmond Tutu & Roelf Meyer (2008), Aranzadi Zientzi Elkartea eta «Francisco y Catalina» ontziko tripulazioa (2007), Asociación Civil Abuelas de Plaza de Mayo (2006), Alec Reid eta Harold Good (2005), Koro Erdozia Lasa (2004) eta Colectivo Hetaira (2003).
Iñigo Urkullu lehendakariak emango du saria, abenduaren 10ean (Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean) Lehendakaritzan egingo den ekitaldi batean.
Beren jardunaren bitartez gure gizartean giza eskubideen balioak nabarmen sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko nahiz juridikoen lana publikoki aitortzeko helburuz sortu zuen Eusko Jaurlaritzak saria, eta René Cassin aukeratu zuen sariari izena emateko. Baionan jaio zen René Cassin, 1887an, eta Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egiten lagundu zuelako. Sari hori lortu duen euskal herritar bakarra da.