Gizartea -
EBAZPENA
Hozte-sistema jartzera behartu dute Garoña
Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Nuclenorrek jarritako helegitea, eta hozte-sistema jartzera behartu du zentral nuklearra.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garoñako zentral nuklearrean hozte-sistema jarri behar dela ebatzi du Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak. Hala, epaileak arrazoia eman dio Ebroko Ur Konfederazioari. Erakunde horrek Garoñaren aurkako salaketa jarri zuen, zentral nuklearrak hozte-prozesuan erabiltzen duen ura (30 gradutik gorako tenperatura du) Ebrora ez itzultzeko eskatuz, beroegi dagoelako. Epaileak arrazoia eman dio, eta, gaur kaleratutako ebazpenaren arabera, Garoñak hozte-dorrea eraiki beharko du. Auzitegiak, beraz, atzera bota du Nuclenorrek jarritako helegitea.
Ebroko Ur Konfederazioak (Espainiako Gobernuko Ingurugiro Ministerioaren menpeko erakundea) 2013an erabaki zuen 30 gradutik gorako ura ezingo dela Sobrongo urtegira itzuli. Greenpeace talde ekologistak salaketa jarri ostean hartu zuen erabakia Konfederazioak. Sobrongo urtegiko ura beroegi dagoela eta espezie suntsitzaileen sorburu bihurtu dela salatu zuen orduan Greenpeacek.
Francisco Castejon Ekologistak Martxan taldeko eleduna gaurko ebazpenaren berri jaso ondoren adierazi duenez, Garoñako zentral nuklearrak bi aukera ditu: hozte-dorre bat eraikitzea (10 milioi eurotik gorako kostua izango luke) edota zentrala gelditzea ura gehienezko tenperaturara heltzen den bakoitzean. Azken aukera hori oso garestia eta konplexua izango litzakeela azaldu du Castejonek.