Gizartea -
PENTSIOAK
Etorkizuneko pentsiodunen bizi-kalitateak 'okerrera' egingo du
Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak jakitera eman duenez, erretiro adina, batez beste, 65,5 urtekoa izango da 2060an.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur egungo pentsiodunen bizi-kalitatea herritarren batez bestekoaren parekoa da. Dena dela, etorkizunean, erretiro-saria jasotzen duenen bizi-kalitateak behera egingo duela ohartarazi du Ekonomia-Lankidetza Garapenerako Erakundeak. Mundu osoko 32 herrialdek osatzen dute erakunde hori (tartean daude Frantzia eta Espainia), eta herrialdeotako pentsio-sistemak aztertu ondoren kaleratu dute, gaur, "2015eko Pentsioen Panorama" txostena.Ekonomia-Lankidetza Garapenerako Erakundearen arabera, azken urteotan erabaki diren erreformek "pentsio-sistemen iraunkortasunari eusteko balio" izan dute, baina "ezinbestekoa" da etorkizuneko pentsiodunei egokitutako sistemak diseinatzea.
Gaur egun, erretiro-saria jasotzen dutenen gehiengoak lanpostu egonkorra izan du, batez ere, gizonezkoek. Etorkizuneko pentsiodunek, aldiz, ez dute lan-ibilbide hori izango, eta horrek pentsioetan eragin zuzena izango duela uste da.
Hori horrela, etorkizuneko pentsio-sistemak diseinatzerakoan, herritarren bizi-kalitatea bermatuko duten formulak aurreikusteko eskatu die Garapenerako Erakundeak herrialde guztietako arduradunei.
"Herrialde guztiek dituzte adinekoak babesteko mekanismoak, baina kasu batzuetan ez dira nahikoak. Pentsiodunak pobrezia egoeran murgiltzeko arriskua dago. Beraz, neurriak hartu behar dira", esan du Garapenerako Erakundeak.
Bestalde, 2060an erretiroa hartzeko adina, batez beste, 65,5 urtekoa izango dela ohartarazi dute.