Gizartea -

Indarkeria Matxista

Indarkeria matxistarekin lotuta 785 salaketa jaso dira Nafarroan

Salaketa horietatik, 300 inguru 14 eta 30 urte bitarteko emakumeak jarritakoak dira. 2015eko datuak dira.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistarekin lotuta 785 salaketa jarri dira Nafarroan, 2015eko lehen bederatzi hilabeteetan; hala, egunean, batez beste, 2,94 salaketa jaso dira. Iaz, epe berean, 836 salaketa jaso ziren, 3,06 egunean.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eman ditu datuok, goizean. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren (azaroak 25) harira antolatutako ekimenak aurkeztu ditu hedabideen aurrean Ollok. Besteak beste, egun horretan, 12:00etan elkarretaratzea egingo da Foru Gobernuaren egoitzaren atarian. Mertxe Leranoz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendaria ere egon da agerraldian.

Nazioartean egun hori jasota egotea "gizarte osoaren porrota" dela esan du kontseilariak, "emakumeen kontrako indarkeriaren arazoa azaleratu baino ez duelako egiten". "Gaiarekiko kontzientzia soziala egon badagoen arren, egungo arazo larrienetakoa da", esan du Ollok.

Leranozek zehaztu duenez, 785 salaketa horietatik, 300 inguru 14 eta 30 urte bitarteko emakumeek jarritakoak dira. Bestalde, salaketen % 63 indarkeria fisikoagatik eta psikologikoagatik jarri dira. 2014ko datuekin alderatuta, indarkeria psikologikoagatik jarritako salaketa kopuruak gora egin du.

_____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak