Gizartea -
Klima aldaketa
2050erako CO2 isuriak guztiz desagerraraztea promestu du Iberdrolak
2030 urterako, isuriak erdira murriztuko dituela aurreratu du konpainiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iberdrolak promestu du 2030erako % 50 murriztuko dituela karbono isuriak, eta 2050erako guztiz desagerraraziko dituela.
Jose Luis San Pedro Iberdrola Españako presidenteak Bilbon azaldu duenez, Iberdrolak helburu hori mahaigaineratuko du Parisen hilaren 30etik abenduaren 11ra egitekoa den klima aldaketari buruzko goi-bileran.
Konpainiak prestatutako adierazpenean, klima aldaketaren aurka egiten “lehenbailehen” hasi beharra dagoela adierazi du. Halaber, “alde guztiek” akordio loteslea hitzartu beharko luketela iritzi dio, 2100 urterako beroketa globala 2 ºC azpitik kokatzeko.
Horretarako, argindarraren sektoreak (mundu osoko CO2 isurien % 28 egiten ditu) teknologia “berriztagarriak, jasangarriak eta eraginkorrak” sustatu behar dituela gaineratu du.
Konpainiako hainbat profesionalek Pariserako bidea hartu dute gaur, bizikleta elektrikoz, adierazpena eramateko.