Gizartea -
Sexu abusuak ikasle bati
Gazteluetako gaztearen gurasoak, 'itxaropentsu' bide judizialarekin
Ikasle ohiaren gurasoek instrukzio epailearen aurrean deklaratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaztelueta ikastetxeko irakasle batek sexu abusuak egin zizkiola salatu duen ikasle ohiaren gurasoek auzia ikertzen ari den instrukzio-epailearen aurrean deklaratu dute gaur, Getxon.
Deklarazioaren ostean, gurasoak "itxaropentsu" agertu dira bide judizialarekin, konfiantza "handia" baitute epaileengan, horien abokatuak jakinarazi duenez.
EFE agentziak jakinarazi duenez, epaileak zentroko zuzendariari ere hartu dio deklarazioa gaur.
Epaileak udan hasi zuen ikerketa, eta dagoeneko biktimak, ustezko erasotzaileak eta hainbat medikuk deklaratu dute.
Biktimak 18 urte bete ondoren aurkeztu du salaketa judiziala.
Hain zuzen ere, Opus Deiren ikastetxe horretan Bigarren Hezkuntzako ikaslea zenean (12-13 urte) irakasle batek sexu abusuak egin zizkiola salatu du.
Bide judiziala ebazteke dagoen bakarra da une honetan. Izan ere, Frantzisko aita santuak itxi egin zuen Fedearen Doktrinarako Kongregazioak abiatutako ikerketa, eta irakaslearen "ospe ona berrezartzea" agindu zuen, horren aurkako "frogarik" topatu ez zutelakoan.