Gizartea -
Tratu txarrak
Urte bateko zigor eskaera Igeldoko txakur etxearen arduradunarentzat
Txakur baten zauria grapekin josi zuen, justifikaziorik ez zuten eutanasiak egin zituen, eta, askotan, janaririk eta edaririk gabe utzi zituen. Animaliei tratu txarrak ematea egotzi diote.
Agentziak | Erredakzioa
Orion (Gipuzkoa) kokaturik dagoen Igeldoko Txakur eta Katuen Etxearen arduradunari animaliei tratu txarrak ematea leporatu diote. Hori dela eta, fiskalak urte bateko kartzela zigorra eskatu du eta hiru urteko gaitasungabetzea.
Animaliak egoera “negargarrian” izatea, “justifikaziorik ez zuten” eutanasiak egitea, eta, “albaitaritza ikasketarik gabe” animaliak antzutu izana salatu du Fiskaltzak.
Gainera, txakur etxearen arduradunak “ez zituenez txakurrak ateratzen”, “abandonatuta” egongo balira bezala bizi ziren. Halaber, langileen jaiegunetan “ez zien jatekorik ezta edatekorik ere ematen”.
Akusatuak animalia batzuk suzko armekin hil zituen, lasaigarririk eman gabe, eta, horrek “sekulako mina eragiten zien”. Beste egun batean, txakur baten zauria grapekin jostea erabaki zuen, eta, ondorioz, heriotza eragin zion.
Txakur etxea 2014ko irailean itxi zuten, eta, une horretan, 62 txakur, zenbait txakurkume, 12 zaldi eta 6 katu aurkitu zituzten.
Arduradunak 2008. urtean ireki zuen txakur etxea, baina “Orioko Udalak ez zion beharreko baimenik eman”, Ministerio Publikoak azaldu duenez.