Gizartea -
Vatileaks 2
Kanonizazioen negozioa eta beste eskandalu batzuk, Vatileaksen eskutik
Erromako kuriaren eskandalu gehiago publiko egin dituzte ostegun honetan argitaratutako bi liburuetan.
agentziak | erredakzioa
Santuen kanonizazioaren eta beatifikazioaren atzean dagoen negozioa dira, besteak beste, Emiliano Fittipaldiren Avarizzia eta Gianluigi Nuzziren Via Crucis liburuetan argitaratutako eskandalu berriak.
Fittipaldik kontatzen duenez, kanonizazio eta beatifikazio prozesuak diruan oinarritzen dira, hau da, elizbarruti aberatsenek diru gehiago eskaintzen dute eta, ondorioz, elizbarruti horietako beatoak eta santuak dira aintzat hartzen direnak.
Horrez gain, Vatikanoaren diru-kontuen eta ondasunen inguruko datuak zabaldu ditu. Adibidez, Erromako Piazza Navona-tik 500 metrora dagoen etxe bat alokatzeagatik 360 euro ordaintzen ditu hileko, hots, merkatuko prezioa baino askoz merkeago.
Chiarelettere editorialak bere webgunean dioenez, Via Crucis liburua egiteko orain arte “ezezagunak” ziren dokumentuak eta grabazioak erabili dituzte, “Frantzisko aita santuak Eliza aldatzeko duen zailtasuna agerian utzita”.
Liburu horren lehendabiziko orrialdeetan aita santuaren adierazpenak agertzen dira, Vatikanoaren diru-kontuak “behar bezala ez” daudela aitortuz eta kontuak “argitu” egin behar direla ohartaraziz, “gardenak izan nahi badugu”. Ildo horretan, Vatikanoaren egitura ekonomiko eta administratiboa koordinatzeko batzordea sortu zuen.
Aita santua bere kolaboratzaile batzuekin “desengainatuta” dagoela azaltzen du liburuak, hala nola, George Pell Ekonomia Idazkaritzaren arduradunarekin edo Tarzicio Bertone Vatikanoko Estatu idazkari ohiarekin. Azken horrek, adibidez, dirutza xahutu zuen atiko bat eraberritzeko.
Bertoneren azalpenak
Bertonek, berriz, liburu horietan gezurrak esaten direla azpimarratu. “Lotsagarria da; ez dakit nire burua nola defendatu”, adierazi du Corriere della Sera egunkarian.
Bertoneren etxearen eraberritzeak polemika piztu zuen duela zenbait hilabete, 300.000 euro gastatu zituelako. Kardinalak dio bere dirutik ordaindu zituela obraren gastuak.
“Ez naiz luxuan bizi”, erantzun du Bertonek aita santuarekin alderatuta nola bizi den galdetzean. Frantzisko Vatikanoan bizi da, 50 metro karratuko apartamentu batean. Kardinalaren etxeak, aldiz, 500 metro karratu dituela aipatzen da liburuetan.