Gizartea -

Donostia

Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraisten hasi dira

Goizaldean hustu dute eraikina. Ehun bat lagun bildu dira sostengua emateko. Udalaren esanetan, eraistea saihestea "ezinezkoa" da. Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu; aske geratu dira iluntzean.

Kortxoenea gaztetxea Donostian
Kortxoenea gaztetxea Donostian
Bi atxilotu, Kortxoeneako eraisketan izandako istiluetan

1:33

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraisten ari dira eraikinaren jabe den enpresako langileak, hondeamakinak erabilita. Albistea Kortxoeneako gazteek eman dute, Twitter bidez.

Sare sozial horretan azaldu dutenez, goizaldean eraikina hustu eta inguru guztia hesitu dute beharginok.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintza eraikina husten laguntzera joan da 08:00etan, eraikinaren jabearentzat lan egiten duten segurtasun langileen eta gazteen artean "istiluak" sortu ostean. Gazteetako batzuk identifikatu dituzte agenteek.

Gaztetxeko hiru kide teilatura igo dira, eraikina bota ez zezaten. Dena dela, 09:00etarako minutu gutxi falta zirenean, bertatik jaitsi dituzte eta eraiste lanekin jarraitu dute.

Mugimenduok ikusita, gaztetxera hurbiltzeko deia egin dute Kortxoeneko kideek, eta 08:30erako, ehun bat lagun zeuden han bilduta.

Bi atxilotu

Ondoren, gizonezko bat eta emakumezko bat atxilotu dituzte, ertzainen aurka eraso egitea egotzita, Segurtasun Sailaren esanetan. Iluntzean aske geratu dira biak.

Dozenaka lagunek eserialdia egin eta Ategorrieta etorbideko errepidea itxi dute, gaztetxea eraistearen aurka protesta egiteko.

Ertzaintzak esku hartu behar izan du manifestariak errepidetik ateratzeko, eta tentsio-uneak izan dira orduan. Agenteek manifestari batzuk arrastaka eraman dituzte, eta beste batzuei jo egin diete, errepidetik ateratzeari uko egin diotelako.

Minutu batzuk geroago, manifestariek atzera egin dute, eta zirkulazioa bere onera itzuli da. Hori ikusita, ertzainek ere alde egin dute.

Donostiako Udala

Eraistea "eraikinaren jabearen erabakiaren ondorio" dela adierazi du Donostiako Udalak ohar baten bidez. Jabeak horretarako "eskubidea" duela onartuta, eta eraiste lanak egiteko "baldintza guztiak" betetzen direla ikusita, eraistea baimendu du Eneko Goiak zuzentzen duen erakundeak.

Udalak azpimarratu du "lehengo legealdian onartutako hirigintza-plangintzari" jarraiki eskatu duela jabeak eraistea. Antza, birpartzelatzeko proiektu hartan, gune horretan garajeak egin zitezkeela ezarri zen.

Donostiako udal gobernuaren esanetan, azken hilabeteetan "hainbat bilera" egin dituzte Kortxoenean kultura-ekintzak egiten dituen kolektiboaren ordezkaritza batekin. Bilerotan eraistea saihestea ezinezkoa dela jakitun, gaztetxearen kultur-jarduerari eusteko hainbat aukera aztertu dira, baina oraingoz ez dute lortu. Udal gobernuak berretsi du "prest" dagoela "irtenbideak bilatzen jarraitzeko", Kortxoenearen erabiltzaileen "beharrak ezagutzen eta kontuan hartzen" dituelako.

EH Bilduren salaketa

EH Bilduren udal-taldeak adierazi du Kortxoenearen eraisketak agerian utzi duela EAJk eta PSEk bultzatzen duten hiri-eredua zein den.

Koalizioak gogor salatu du Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco alkateordea Donostiako kultura hiriburutza Londresen aurkezten egon diren bitartean, “hiri honetako eragile kultural erreferente bat beren baimenarekin bota izana”.

Metafora adierazgarria da: kultura turistak erakartzeko nahi dute, baina ez sormena lantzeko eta are gutxiago sormen hori modu autogestionatuan landuko bada”, azpimarratu dute.

Gainera, EH Bilduk gogora ekarri du Donostiako Udala eta Kortxoenea Gaztetxeko ordezkariak alternatibak bilatzeko negoziatzen ari zirenean iritsi dela eraisketa. “Ustez, konponbide bat bilatzeko asmoz elkarrizketetan ari zirela eman dute eraisketa egiteko baimena, aurretik ezer jakinarazi gabe”.

Ildo berean, gaztetxea husteko Ertzaintzak erabilitako “bortizkeria” salatu du. “50 pertsona inguru burua estalita eta burdinazko barrak eskuetan zituztela sartu, eta arrastaka eta kolpeka atera dituzte barruan lotan zeuden lagunak”.

“Hau guztia EAJren eta PSEren baimenarekin egin da. Enpresa eraikitzailearen interesak auzokideek segurtasunaren gainetik jarri dituzte, eta bitartean Donostiako arduradun instituzional nagusiak Londresen ezkutatu dira. Eraisketa gaur egin badute, aurpegirik eman behar ez izateko izan da”, nabarmendu du koalizioak.

Bestalde, Tabakalerak esan du Donostian kultura-eredu ezberdinak egotea babesten duela.

Twitterren argitaratutako mezuan, ondokoa dio: “Kultur eredu ezberdinak hiri batentzat aberasgarri direla eta osagarri behar dutela uste dugu”.

Tabakalerako iturriek zehaztu dutenez, Kortxoenearen eraisketa dela eta zein jarrera duten argitzeko eskatuz sare sozialetan jaso dituzten mezuei erantzuteko oharra izan da, eta ez elkartasuna adierazteko tuit-a.

Birritan saiatu dira eraisten

Eraikinaren jabeak eskatuta, uztailaren 14an hura eraisteko baimena eman zuen Donostiako Udalak. Irailaren 4an, baina, lanak gelditu zituen Udalak, hainbat baldintza betetzen ez zirela ikusita.

Irailaren 15ean ere, eraisteari ekiteko hesiak paratu zituzten langileek, baina ordu gutxi geroago kendu zituzten.

2010eko ekainaren 26an okupatu zuten Indianoene kaleko eraikina (antzina kortxo fabrika izan zena), eta, bost urte hauetan, hainbat ekimen eta proiektu bultzatu dituzte Gros auzoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoako albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Gazteak