Gizartea -
Vatikanoaren ikerketa
Gazteluetako ustezko sexu abusuen auzia itxitzat jo du aita santuak
Familia "harrituta" dagoela esan du abokatuak, ikerketa hasia zutenik ere ez zekielako. Ikastetxea, bestalde, "izen ona" berreskuratuko duelakoan dago.
EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Gaztelueta Bizkaiko ikastetxean duela zortzi urte irakasle batek ikasle bati ustez egindako sexu abusuen auzia itxi du Frantzisko aita santuak, Opus Deiren ikastetxeak gaur ohar bidez jakinarazi duenez.
Aita santuak ikerketa abiatzeko agindu zuen abenduan, ustezko biktimaren gurasoek bidalitako gutuna irakurrita. Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak egindako "ikerketa zabal" batek ondorioztatu du salatutako gertakariak "ezin direla frogatu", eta horrenbestez, "akusatuaren izen on eta ospea" berrezarri behar dela.
Gaztelueta ikastetxeak zabaldutako oharraren arabera, "dokumentu pribatu eta publiko ugari zorrotz" aztertu dituzte Kongregazioko kideek, eta hainbat laguni egindako elkarrizketak eta lekukotzak hartu dituzte kontuan. Ikastetxeak berak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Ikuskatzailetzak, Adingabeen Fiskaltzak eta EAEko fiskalburuak egindako ikerketen "ondorioak" berretsi baino ez ditu egin ikerketak, oharrak azpimarratu duenez.
Aita santuaren erabakia gorabehera, "erakunde ofizialekin lankidetzan jarraitzeko" konpromisoa berretsi du Imanol Goyarrolak zuzentzen duen ikastetxeak.
Auzia, dena den, zabalik da epaitegi arruntetan. Izan ere, mutikoak (18 urteak beteak ditu) salaketa jarri zuen Getxoko epaitegian irakasleari abusu eta eraso sexualen delitua eta osotasun moralaren aurkako delitua leporatuta. Epaileak tramitera onartu zuen kereila, eta instrukzio fasean dago orain. Vatikanoaren erabakiak ez du auzibide honetan inongo eraginik.
Gaztelueta, "oso pozik"
Imanol Goyarrola Gaztelueta ikastetxeko zuzendariak adierazi duenez, auzi honen inguruko "egia justiziak zehaztu beharko du". Bien bitartean, Vaticanoak ikerketa itxita, ikastetxearen "izen ona" berreskuratze bidean dagoela azpimarratu du.
Radio Euskadi-ri eskainitako elkarrizketa batean, aita santuaren erabakiarekin "oso pozik" dagoela esan du Goyarrolak. Azaldu duenez, Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak egindako ikerketa "sakona eta zehatza izan da, eta beste erakunde ofizialek egindakoen antzera".
"Hasieran, aita santuak interesa edukitzeak harritu ninduen. Ez nuen espero, baina oso ondo iruditu zitzaidan. Denok dakigu aita santua modu zintzoan arduratzen dela eta egia argitzen lagunduko duten ikerketa guztiak ongietorriak dira", agertu du.
Orain, argitu duenez, "epaitegi arruntek zer esaten duten zain gaude". Goyarrolaren esanetan, ikastetxeak ez dio gaiari auspo gehiago eman nahi: "Gai delikatua da, pertsonak daude nahastuta eta justiziak argitu beharko du. Ikastetxeak eskatzen diguten guztian lagunduko du", erantsi du.
Ikastetxearen "izen ona egia ezagutarazita eta gertakariak argituta" berreskuratu da, Gazteluetako zuzendariaren esanetan. "Egia jakiten denean, argitaratzea nahi dugu eta gizarteak ezagutzea", borobildu du.
Familia: "Biktimarekin ez dute hitz egin"
Bestalde, Leticia de la Hoz mutikoaren eta familiaren abokatuak irrati kate berean azaldu duenez, "harrituta" daude ez zekitelako ikerketa abiatuta zutenik ere. "Zur eta lur gaude. Ez genuen ezeren berri. Hau da jaso dugun lehen albistea", nabarmendu du.
De la Hozen aburuz, "zaila da zabaldu ez den ikerketa bat ixtea" eta zalantzan jarri du Gazteluetak zabaldutako informazioa.
"Ikertzekotan, ustezko erasotzailearen ingurua ikertu dute, biktimarekin behintzat ez dute hitzik egin", azaldu du. "Familia harrituta dago, baina hori gorabehera, aita santuarengan konfiantza izaten jarraitzen duela eta dena ikertuko duela espero du", nabarmendu du.