Gizartea -
Epaiketa
Asunta hil zuten egunean aitarekin ikusi zuela esan du lekuko batek
Bestalde, polizia batek adierazi du neskatoa hilda agertuko zela iragarri zuela haren aitak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Galizian, Asunta Basterraren hilketa argitzeko epaiketan, lekukoen txanda izan da gaur. Zenbait deklaraziok hankaz gora jarri dute Asunta Basterraren gurasoen bertsioa eta beste batzuek, ostera, indartu egin dute.
Asunta Basterraren frantseseko ikaskide batek ziurtatu du aitarekin kalean ikusi zuela hil zuten arratsalde berean, 2013ko irailaren 21ean. Nerabearen gorpua 2013ko irailaren 22an aurkitu zuten Coruñako Teo herriko mendi-bide batean.
Lekukoak berretsi du "ziur" dagoela Asunta Basterra eta Alfonso Basterra ikusi zituela arratsalde hartan. Alfonso Basterrak orain arte behin eta berriz adierazi du arratsalde hartan ez zela etxetik atera eta sukaldatzen eta irakurtzen egon zela.
Frantseseko ikaskidearen esanetan, Asunta Basterrarekin eta Alfonso Basterrarekin gurutzatu zen Santiagoko Salvador Errepublikako kalean 2013ko irailaren 21ean 18:21ean.
Hala eta guztiz ere, Alfonso Basterraren abokatuak mahai gainean jarri du posible dela lekukoa egunez nahastea; izan ere, ez omen zen arraroa aita-alabek elkarrekin Santiago erdigunetik paseatzea.
Bigarren lekuko batek ere zalantzan jarri du gurasoen bertsioa. Asunta Basterraren gorpua soka batzuekin lotuta agertu zen eta Rosario Portok adierazi zuen sokak lorezainarenak zirela. Dena den, lorezainak ukatu egin du sokak bereak zirenik.
Bestalde, polizia batek esan du arraroa iruditu zitzaiola Asunta Basterraren desagerpena salatu eta ordu gutxira, aitak hilda agertuko zela iragartzea.
Dena den, deklaratzen lehenak gorpua agertu zen tokitik 150 metrora bizi diren senar-emazteak izan dira. Etxebizitzaren jabeak ziurtatu du gau hartan hiru aldiz igaro zela gorpua agertu zen tokitik eta ez zuela ezer ikusi. "Han egon balitz ikusiko nuen", gaineratu du. Ikerketaren arabera, bizilagunak pasa zirenerako gorpuak han behar zuen.
Datozen orduetan eta egunetan, lekukoen deklarazioekin jarraituko dute. Guztira, ehun baino gehiago dira.