Gizartea -
Epaiketaren hirugarren saioa
Portok ukatu egin du alaba hil zuenik, baina kontraesanak agertu ditu
Ciudad Linealeko pederasta ikertu zuten Poliziek baztertu egin dute Asuntarekin loturarik izatea
Agentziak | Erredakzioa
Rosario Porto, Asunta Basterra alaba bere senar ohiarekin batera (Alfonso Basterra) hiltzea leporatzen diotena, lehendabizikoa izan da deklaratzen, ostegun honetan, haien aurkako epaiketan. Epaiketa horretan argitu nahi da adopzioan hartutako alaba 2013ko irailean hil zuten ala ez, bien artean prestatutako "plan" baten bitartez, fiskaltzak eta akusazio popularrak uste duten bezala.
Auzia 2013ko irailaren 23an, Teo herriko (Coruña) baso-pista batean, Asuntaren hilotza aurkitu zutenean zabaldu zen. Asuntak txinatar jatorria zeukan, eta haren gurasoek urtebete ez zuela adoptatu zuten.
Alaba hiltzea ukatu du
"Ez nuen nire alaba hil, ez, ez nuen nire alaba hil". Irmo agertu da Rosario Porto bere abokatu Jose Luis Gutierrez Arangurenek zuzenean galdetu dionean adingabearen heriotzaren erantzulea izan bazen. Portok zortzi orduz deklaratu du epaimahaiaren aurrean, eta nahiz eta kontraesanetan erori den, egun horien gainean dituen "hutsuneei" egotzi die, eta alabak lasaigarria jaso zuen unean Alfonso Basterrarekin zegoela azaldu du.
Osasun arazoak
Bere osasun egoerari dagokionez, Rosario Portok adierazi du 2013ko urtearen erdialdean "oso jota" zegoela, ospitalean ingresatuta egon ostean. Depresioarekin egon zen senarrarengandik banatzeagatik, eta "bizipen oso gogorren eraginpean", besteak beste, bere gurasoen heriotza.
Hori dela eta, 2013ko uztailean Orfidal botika hartu zuen, "pilula solteren bat", hain zuzen ere, "lo hartu ahal izateko". Adierazi duenez, Alfonso Basterra zen Orfidala lortzen ziona, baina hil bukaeratik mediku batek pautatu zizkiola, uste baitu umearen aitak medikuarekin hitz egin zuela "errezeta bat" eman ziezaion.
Dena dela, baztertu egin du botika hori inoiz alabari eman izana, eta nahiz eta Basterrak egin ahal izan zuela uste izan, zalantzan jarri du hori horrela gertatu izana.
Alaba hiltzeko ustezko ahalegina
Rosario Portok uztailaren lautik bostera bitarteko gauean ustez bizitako jazoera kontatu du epaimahaiaren aurrean. Itxura denez, egun hartan, etxeko giltzak atean ahaztuta utzi ondoren, ezezagun bat bere etxebizitzan sartu zen. Horrela, ziurtatu duenez, alabaren garrasiek esnatu zuten (arrotza hura erasotzen omen zegoen). Horren aurrean, erasotzaileari aurre egin zion hark ihesi egin arte.
Alaba bizirik ikusi zuen azken aldia
Portok ziurtatu du alaba ikusi zuen azken aldian hura Santiagoko euren etxebizitzaren aldamenean zegoela, Teo herrian dagoen Montoutoko etxetik eraman eta gero.
Bere bertsioaren arabera, ama-alabak larunbat arratsaldean Teoko etxera arte joan ziren udako arropa hartzeko xedearekin, asteburua Vilanova de Arousan igaro behar baitzuten. Baina behin han egonda, adingabeak Santiagoko pisura itzultzeko eskatu zion, etxekolanak bukatzeko.
Aurretiaz, Portok esan du Asunta hil zeneko egunera arte aspalditik zegoela Teoko etxera joan gabe (akusazioak krimena han gertatu zela uste du). Aitzitik, Fiskaltzak aurkeztu dituen dokumentuetan azaltzen denez, Asunta hil baino lau egun lehenago etxe hartako alarma deskonektatu zuen norbaitek. Akusatuak ukatu egin du bera izan zenik, eta adierazi du Alfondo Basterrak eta bizilagun batek besterik ez zituztela etxe hartako giltzak.
Bestalde, nahiz eta salaketa jarri zuen egunean ez zuen esan egun horretan umearekin Teora joan zenik, Portok defendatu egin du hori ez dela bertsio aldaketa bat, baizik eta "hutsuneak" dituela egun hartan eta hurrengoetan gertatutakoei buruz.
Ciudad Linealeko pederasta ikertu zuten Poliziek baztertu egin dute Asuntarekin loturarik izatea
Ciudad Linealeko (Madril) ustezko pederasta, Antonio Ortiz, atxilotu zuten poliziek erabat baztertzen dute Ortizen eta Asunta Basterraren artean inolako loturarik egon daitekeenik. Europa Pressi egin dizkioten adierazpenetan Rosario Portoren abokatuak defendatutako iritzia gezur baldartzat jo dute.