Gizartea -

Eskandalua

Frantzian 948.064 auto manipulatu dituztela aitortu du Volkswagenek

Erresuma Batuan milioi bat pasatxo dira gas isurketen benetako datuak ezkutatzeko softwarea instalatuta duten ibilgailuak, Alemaniako konpainiak jakinarazi duenez.

Volkswagen
Volkswagen
Volkswagen

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian, 948.064 ibilgailu, eta Erresuma Batuan, 1.189.906. Apurka-apurka xehatzen ari dira Volkswagen multinazionalak iruzur egiteko mundu osoan manipulatu dituen autoen kopurua. Mundu osoko 11 milioi diesel ibilgailuren gas isurien datuak faltsutzeko software berezia jarri zietela onartu zutenetik, herrialdez herrialdeko datuak ematen ari da Volkswagen.

Frantziako Estatuan ia milioi bat dira, konpainiaren bozeramaile batek EFE albiste agentziari jakinarazi dionez, eta Volkswagen Taldeko marka guztiei eragiten die iruzurrak: Volkswagen (574.259 ibilgailu), Seat (93.388), Audi (189.322) Skoda (66.572) eta Volkswagen Ibilgailu Komertzialak (24.523).

Erresuma Batuan 1.189.906 ibilgailu dira manipulatutakoak, konpainiaren esanetan.

Alemaniako erraldoiaren arabera, "albait arinen jarriko da ibilgailuen jabeekin harremanetan", eta kaltedunak artatzeko telefono zenbaki bat jarriko du herrialde bakoitzean.

11.103 lagun, #afectadosVolkswagen elkartean

Espainiako Estatuan, #afectadosVolkswagen (Volkswagenen kaltedunak) plataforman bildu dira diesel ibilgailua manipulatuta duten autoen jabeak. Facua kontsumitzaileen elkarteak jakinarazi duenez, 11.103 lagun daude jada plataforman izena emanda.

Duela bost egun sortu zuten elkartea, eta 10.000 kaltedunen langa gainditu dute dagoeneko. Facuaren esanetan, salaketak prestatzen ari dira jada.

Kontsumitzaileen elkarteak aurreratutakoaren arabera, "ia 10 urtez egindako iruzurraren tamainako isun ekonomikoak" eskatuko dituzte. Izan ere, iruzurraz gain, "ingurumenaren eta kontsumitzaileen osasunaren kontrako atentatua" ere bada Volkswagenek egindakoa.

 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua albisteak Frantzia Iruzurrak albisteak Gaurko azken ordukoa Gizartea Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Volkswagen albisteak Kutsadura gaur Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan