Gizartea -
Manifestazioa
Kukutza auzian epaituko dituzten lagunei babesa erakutsi diete Bilbon
Jai-giroa nagusitu da, 'Kukutza defendatzeagatik, zigorrik ez' lelopean, larunbat arratsalde honetan egindako martxan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Kukutza gaztetxea hustean izandako desordena publikoengatik epaituko dituzten 19 lagunei elkartasuna erakusteko manifestazioa egin dute larunbat arratsalde honetan Bilbon. Izan ere, astelehenean hasiko da, desordena publikoak egotzita, pertsona horien aurkako epaiketa.
Jai-giroa nagusitu da 'Kukutza defendatzeagatik, zigorrik ez' lelopean egindako martxan, eta EH Bildu, UdalBerri eta Irabaziz alderdiek babestu dute deialdia.
18:15ak pasata hasi da manifestazioa, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, 2011ko irailean izandako Kukutzaren hustearen ondorioz hiru epaiketa izan dira dagoeneko, eta laugarrenari astelehen honetan bertan ekingo diote.
Oraingoan, gainera, 18 eta 30 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen du fiskalak akusatu bakoitzarentzat. Halaber, horietako biri agenteei aurre egin izana ere leporatu nahi diete, eta horrek ekarriko luke 8 hilabeteko zigor gehigarria.