Gizartea -
Stop Kaleratzeak, kanpaina
Etxe-kaleratzerik gabeko herri izendatzeko mozioak, EAE osoan
Mozioa onartuz gero, udalek ez diete etxebizitzak husteko baimenik "inola ere" emango Udaltzaingoari eta suhiltzaileei.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako Stop Kaleratzeak plataformek mozioak aurkeztuko dituzte hiru lurraldeetako udaletan eta Batzar Nagusietan erakunde horiek “etxe-kaleratzerik gabeko” eremu izendatzeko.
Plataformek prentsa-ohar batean azaldu dutenez, dagoeneko helarazi dizkiete mozioak Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udaletako eta batzar nagusietako ordezkari politikoei.
Hala, gaur prentsaurrekoa eman dute kanpainaren berri emateko, eta PSE-EEko, EH Bilduko, Ahal Duguko, Ezker Anitzako eta Irabaziko ordezkariak izan dituzte aldamenean.
Agerraldian, Stop Kaleratzeak-en hiru plataformen ordezkariek eta Gipuzkoako IRPH Stop elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, "krisiak jotako familiek eta haien abal-emaileek eta hipotekak ordaindu ez dituztenek babes neurriak eskatu dizkiete erakundeei, iruzur finantzario horren aurrean, kaleratzeak ekidin ahal izateko".
"Egoera bidegabe horren aurrean", ekimena abiatu duten taldeen ustean, beharrezkoa da "udalek eta lurraldeek kaleratzerik gabeko eremutzat aurkeztea".
Horretarako, "entitate finantzarioekin harremanak errazteko baliabideak hartzeko" deia egin dute, "kaleratzeak aurkeztea ekiditeko, dagoeneko martxan daudenak geldiarazteko, eta kolektibo ahulen kasuan epaitegiek abisatu dezaten".
"Inolako kasuan baimenduko diete udaltzaingoari eta suhiltzaileei kaleratze batean parte hartzen, kaleratutakoak hartzeko etxebizitza sare bat izango dute eskura, hutsik dauden etxebizitzen zerrenda -gehien bat entitate finantzarioen eta higiezinen enpresen esku daudenak- egingo dute, eta bankuen partetik erantzun positiborik egon ezean, neurriak hartuko dituzte, tartean, elkarlanean aritzeari uztea", esan dute.