Gizartea -
Donostia
Donostiako Kortxoenea gaztetxea botatzeko lanak gelditu dituzte
Kortxoenearen eraistea goizean goiz hasi dute, baina ondoren lanak behin-behinean gelditzeko agindua eman du Udalak, "segurtasun baldintzak betetzen ez zirelako".
EITB.EUS
Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxeko kideek salatu dutenez, 09:00ak inguruan, Udaltzaingoa eta hondeamakinak gerturatu dira eraikinera, hura eraisteko asmoz. Gaztetxeko kideen arabera, baimen judizialik ez diete erakutsi. Ertzaintzaren bi auto ere bertaratu dira.
Gros auzoko gaztetxeko kideek bertaratzeko deia egin diete auzokoei, eta herritar ugari bildu da, eraikina eraistea galarazteko.
Groseko Gazte Asanbladak 2010eko ekainean okupatu zuen Kortxoenea eraikina.
Alabaina, ordu batzuk geroago, Donostiako Udalak gaztetxearen eraistea aldi baterako gelditzeko agindua eman du.
Enrique Ramos Hirigintzako zinegotziak ohar batean jakinarazi duenez, eraiste lanak egiteko “baldintzak” betetzen ez zirelako gelditu dituzte lanak.
Udaletxeko teknikari bertaratu da eta, besteak beste, eraisketa gauzatzeko “segurtasun neurririk” hartuta ez zegoela egiaztatu du.
Donostiako Udalaren azalpena
Donostiako Udalak beste ohar baten bidez emandako azalpenen arabera, "Kortxoenea eraikinaren eraistea lehengo legealdian onartutako hirigintza-proiektu baten ondorioa da".
Oharrean jasotzen denez, Donostiako Udalak Manteo eta Indianoene kaleko birpartzelazio proiektua onartu zuen 2013ko abenduan. Garajeak egiteko aukera jasotzen da bertan.
Eremu horretako jabea eta sustatzailea eraikinaren titularra da, Udalaren hitzetan, "eraikinaren ardura eta eskubidea du, eta, ondorioz, Donostiako Udalak ez du eraikinarekiko ez ardurarik ez eskumenik".
Jabeak eraikina eraisteko baimena eskatu zuen, eta Udaleko Hirigintza Sailak uztailaren 14an onartu zuen baimena ematea.
EH Bilduren salaketa
Donostiako EH Bilduk Kortxoenea gaztetxea botatzen hasi izana gogor kritikatu du, "gazte donostiarrek autogestionatutako proiektu kultural eta soziala suntsitzea delako".
Koalizioak EAJren eta PSEren jarrera salatu du, "ezer jakinarazi gabe" eta "alternatibak bilatu gabe" agindu dutela eraisketa.
Ildo berean, Kortxoenea gaztetxea botatzeko ardura aurreko udal-gobernuari leporatu izana deitoratu du. "Bilduren gobernuari eraisketa baimentzea proposatu zitzaion, baina honek uko egin zion eta gaztetxearekin elkarlanean aritu zen alternatiba zehatz bat mahai gainean jarri arte", argitu du.