Gizartea -
Abentura-parke batean
Gizonezko bat hil da Baztanen, 100 metroko atrakzio batetik erorita
40 urteko getxoztarra 100 metroko atrakzio bertikal batetik jausi da. Nafarroako Foruzaingoak ikerketa zabaldu du gertaturikoa argitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Getxon bizi zen 40 urteko gizonezko bat hil da Baztango haranean kokatutako Baztan Abentura parkean, 100 metroko atrakzio bertikal batetik erori ostean.
Ezbeharra 13:00ak aldera gertatu da "pendulu" izenez ezaguna den atrakzioan.
Gertaeraren berri izan ostean, Nafarroako Larrialdi Zerbitzuek Oronozko suhiltzaileak, mediku talde bat eta helikoptero bat mugiarazi dituzte.
Istripuaren tokira joan diren suhiltzaileek gizonezkoa hilda zegoela baieztatu dute eta, ondorioz, helikopteroari ez bertaratzeko agindu diote.
Gorpua Iruñeko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute eta ondorengo orduetan egingo diote autopsia.
Nafarroako Foruzaingoak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
Bestalde, istripuaren ondotik, asteburu osoan itxita izango da abentura parkea.