Gizartea -

Balkanetako bidea

Hungariak ez du baztertzen Armada erabiltzea mugen kontrolerako

Gas negar-eragileak erabili ditu errefuxiatuen aurka. Atzo, 2.533 lagun atzeman zituzten; horietatik, 555 adingabeak.

Soldaduak, Serbiako eta Hungariako mugan hesia jartzen, alanbre arantzadunarekin. Irudia: EFE
Soldaduak, Serbiako eta Hungariako mugan hesia jartzen, alanbre arantzadunarekin. Irudia: EFE
Tentsioa Hungarian eta Serbiaren arteko mugan

1:27

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hungariako Gobernua Armada erabiltzea aztertzen ari da, hegoaldeko mugan "segurtasuna bermatzeko", Zoltan Kovacs Gobernuaren bozeramaleetako batek esan duenez.

"Gobernuak eta segurtasun nazionaleko lantaldeak eztabaida izan dute, Hungariaren eta EBaren muga nola babestu lezaketen erabakitzeko", esan du Kovacs. Halere, edozein erabaki hartuta ere, Parlamentuak onartu beharko du.

Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den errefuxiatu krisirik nagusienak irudi tristeak eskaini ditu ekialdeko herrialdeetan; milaka eta milaka pertsonak bizitza arriskuan jartzen dute hainbat muga zeharkatzen, kontinenteko erdigunera eta iparraldera heltzeko helburuarekin.

2.106 polizia gehiago

Hungariako Poliziak iragarri duenez, irailaren 15ean segurtasun indarrak indartuko dituela, Serbia eta Hungariako mugaldean, errefuxiatuen etorrera arintzeko helburuarekin.

Ohar baten bidez zabaldu duenaren arabera, 2.106 agente bidaliko dituzte gune horretara, eta bertan helikopteroen eta zakur polizien laguntza izango dute.

Gas negar-eragileak

Hungariako Poliziak gas negar-eragileak erabili ditu etorkinen harrera eta erregistro zentro batean, Röszke hegoaldeko herrian, Serbiako mugatik gertu eta oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, hirtv hedabideak zabaldu duenez.

Telebista kate pribatuak zuzeneko emanaldi bat emititzen ari zen eta, bat-batean, dozenaka polizia ikusi ahal izan dira 200 bat errefuxiatuk osatutako talde bat inguratzen zutela, etorkinak protestaka eta oihuka zeuden bitartean.

Tokiko hedabideetan, baina, bertsio kontrajarriak plazaratu dituzte, errefuxiatuen protesten inguruan.

Hirtv-ren arabera, liskarrak hasi dira ez dietelako utzi prentsarekin hitz egiten, baina index web guneak esan du anabasa etorkinek eragin dutela, ez dietelako poliziei hatz aztarnak jasotzea utzi.

Origo beste web gune baten esanetan, etorkinek zentrotik alde egin nahi izan dutela, Alemaniak iragarri ostean Siriatik etorritako errefuxiatuak hartuko dituela.

Edonola ere, erregistro-zentroak 1.000 lagunentzako lekua dauka eta, origoren arabera, gaur egun bikoitza baino gehiago dago. Bertan 24 ordu igaro behar dituzte harrera-zentroa esleitu bitartean.

2.533 lagun egun batean

Hungariako indarrek 2.533 lagun atzeman zituzten atzo; horietatik 555 adingabeak, Serbiatik modu ilegalean sartzeagatik. Atzo inoiz baino pertsona gehiago atzeman zuten, egun batean, Poliziak zabaldu duenez.

Atzemandako pertsona gehienak Siriatik, Afganistandik eta Pakistandik datoz.

Gaurtik aurrera, espero dute 7.000 bat lagun heltzea Hungariako mugaldera, asteburuan Mazedoniatik Serbiara igaro baitziren.

Heriotza gehiago Mediterraneoan

50 bat hilotz berreskuratu dituzte itsasontzi batean, Libiako kostaldetik gertu, zailtasunak zituztela laguntzera abiatu eta gero. Ontzian beste 400 bat etorkin zihoazen.

Hala adierazi dute Italiako Kostazainek eta, gaineratu dutenez, erreskate taldeak Poseidon Suediako itsasontziari esker egin izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Europar Batasuna Albisteak migrazioa gaur Zer ari da gertatzen Europan? Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak azken ordukoa Hungaria Serbia 2024