Gizartea -
Harrapaketa Bilbon
Gizon bat atxilotu dute, Leyre Rodriguezen hilketarekin lotuta
Emakumearen senar ohiak ospitalean jarraitzen du, egoera kritikoan, bere burua trenbidera bota ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Leyre Rodriguezen hilketarekin zerikusia duelakoan atzo atxilotu zuten gizonezkoak polizia-etxean jarraitzen du, epailearen aurretik igaro zain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek berri eman dutenez.
Zehazki, Bilboko Udaltzaingoaren polizia-etxean dago, eta ez da hildako emakumearen familiakoa.
Joan den abuztuaren 8an zendu zen Leire Rodriguez, Bilboko Abusu auzoan, auto batek harrapatuta. Emakumearen senar ohia ospitalean dago, egoera kritikoan, ustez bere buruaz beste egiten saiatu ostean.
Hasieratik, hipotesi guztiak mahai gainean
Abuztuaren 8an, goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera, emakume baten gorpua aurkitu zuten Abusun, Bilboko auzi hori Arrigorriagarekin lotzen duen errepidean. 34 urte zituen, eta bi seme-alaba. Hasierako hipotesiaren arabera, ihes egin zuen ibilgailu batek harrapatu zuen.
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak ikerketa abiatu zuten elkarrekin, gertatutakoa istripua edo nahita eragindako harrapaketa izan zen argitzeko. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikertzen jarraitu dute, eta ez dute hipotesirik baztertu. Emakumea senar ohiak harrapatu izana zen hipotesi horietako bat.
Gorpua aurkitu zuten tokian bildutako arrastoez gain, biktimaren gertukoak ere ikertzen aritu dira. Senar ohiaren testigantza, beraz, oso kontuan hartzekoa modukoa zen.
Ikerketa-lerro horretan sakondu eta argitu beharreko guztiak argitzeko, gizonezkoa Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak Erandion dituen bulegoetara deitu zuten, asteartean, goizeko bederatzietan, ibilgailua arakatzeko prozesuan presente egon zedin, abokatuarekin batera. Biktimaren senar ohia, baina, ez zen agertu.
Trenbidera bota omen zuen bere burua, Ollarganen
Hiru ordu geroago, 12:00ak aldera, merkantzia-tren batek gizon bat harrapatu zuen Ollarganen. Berehala jakin zuten ikertzaileek trenbidean oso larri zaurituta aurkitu zuten gizonezkoa hildako emakumearen senar ohia zela. Trenak eragindako zauriez gain, hainbat ebaki zituen eskumuturretan, eta odol-zantzuak zituen aizto bat aurkitu zuten haren ondoan. Ospitalean dago, oso larri.
Elkarretaratzea
Leyre Rodriguezen hilketa arbuiatzeko asmoz, elkarretaratzea deitu dute gaur 12:00etarako Abusuko zentro soziokulturalean (Arrigorriaga). Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua bertan izango da udal ordezkari eta herritarrekin batera.
"Permisibitaterik ez"
Asier Albizua Arrigorriagako alkateak aldarrikatu du ez dela permisibitaterik izan behar horrelako jazoeren aurrean. "Ez dadila erasorik gelditu salatu gabe, eta inork ez dezala eraso matxista bat pasatzen utzi; hala, hasieratik gisa horretako jarrerak zuzendu ahal izango ditugu", gaineratu du. Hala adierazi du Arrigorriagako alkateak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.
Genero indarkeriari aurre egiteko har daitezkeen neurriez galdetuta, "ez dago formula magikorik", esan du. Halere, horren ustez, hainbat alorretan egin behar da lan, eta hezkuntza, erakundeek badaezpadako neurriak hartzea eta neurri polizialak nabarmendu ditu.
Arrigorriagako Udalak Leyre Rodriguezen hilketa gaitzesteko adierazpena onartu zuen atzo aho batez, "etxeko indarkeriak eragindako egoera tamalgarri baten eraginez modu tragikoan hil baita".